Gazteek beso robotiko bat erabiltzen ikasiko dute Teknogunen

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 17a, 11:05

Teknogune Txorierri hirugarren aldiz egingo da abenduaren 26an eta 27an, Kultur Birikan. Egitasmoa 16 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat da, eta oporraldian eskolaz kanpoko jarduera zientifikoak eta teknologikoak eskaintzea du helburu. Gazteek Phyton programazio-lengoaiaren oinarriak jasoko dituzte eta ikasiko dute laser bidezko grabatuak egiten eta beso robotiko bat erabiltzen.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Txorierriko Mankomunitatearen Gaztedi Txorierri ekintzen programaren barruan dago, eta EGAZ Txorierrik ere hartzen du parte horretan. Teknogune Txorierrik arlo zientifikoari eta teknologikoari lotutako ekintzak ditu ardatz. Horrela, bada, aurreko edizioetan tailer hauek eskaini zituen: Unity, 3Dko diseinua eta inprimaketa eta youtuber eta videostremer arrakastatsua izateko gakoak.

Teknogunek eskolaz kanpoko ekintza zientifikoak eta teknologikoak egiteko aukera eskaintzen die gazteei oporraldian, haien artean kultura eta bokazio zientifikoak sustatzeko. Abenduko tailerrean, Dodot Magician beso robotikoarekin lan egin ahalko dute. Beso robotikoak egurrezko diskoak grabatzea ahalbidetzen duen laser-buru bat du. Parte-hartzaileek robotaren mugimenduak programatzen ikasiko dute eta laser bidezko pirograbaketa teknika erabilita euren grabatua egingo dute.

Doako ekintza da eta autobus-zerbitzua jarriko da gazteak Kultur Birikara hurbiltzeko. Autobusa 09:00etan irtengo da Larrabetzutik (Basagurenalde kalea), eta geldialdi hauek egingo ditu: Lezamako frontoia, Txorierri etorbidea (Zamudio), Zabaloetxe etorbidea (Loiu) eta Aragua taberna (Sondika). Itzultzeko autobusa 13:10ean aterako da Deriotik.

Loturak:

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).