BANek esker ona adierazi die Txorierriko kultura elkarteei

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 23a, 14:41

Urtarrilaren 17an, bazkideen urteroko afaria egin zen Txorierriko Baserri Antzokian (BAN), Derion, eta fundazioak sari bana eman zien bailarako 10 elkarteri. Sariak elkarteek euskararen eta euskal kulturaren alde musu-truk egiten duten lana eskertzea izan zuen helburu, eta lan hori jendaurrean aitortzea.

Saria hauek jaso zuten: Larrabetzuko Musika Eskola, Ipar-Alde abesbatza (Derio), Lainomendi dantza taldea (Derio), Gaztelumendi abesbatza (Larrabetzu), Bertoko Soinu Tresnen Elkartea (Zamudio), Hiru Bat dantza taldea (Zamudio), Ekidazu abesbatza (Lezama), Pentagrama Kultura Elkartea (Sondika), Zamudioko Kamara Korala eta Taberna Ibiltaria.

Bestalde, BANek egitasmo bat ipini du martxan, Txorierriko abeslariak, musikariak eta dantzariak antzokiko eszenara eramateko. Saritutako elkarteak egitasmo horretako partaide dira, eta datozen hileotan emanaldia eskainiko dute BANen. Lehenengo hitzordua urtarrilaren 31n izango da eta agertoki gainean Larrabetzuko Musika Eskola, Ipar-Alde abesbatza eta Lainomendi dantza taldea ibiliko dira. Bigarren saioa otsailaren 28an egingo da Gaztelumendi abesbatzaren, Bertoko elkartearen eta Hiru Bat dantza taldearen eskutik; eta azkena, martxoaren 28an. Azken emanaldi horretan, hauek igoko dira agertokira: Ekidazu abesbatza, Pentagrama elkartea, Lainomendi dantza taldea, Zamudioko Kamara Korala eta Taberna Ibiltaria. Lehen emanaldia 19:00etan izango da; besteen ordutegia aurrerago zehaztuko da.

Ekitaldi nagusiaren aurretik, kultura elkarteak entsegu-saioak –hiru guztira– egiten dabiltza elkarrekin, ikuskizun ederra eskaintzeko. Izan ere, kontuan hartu behar da talde bakoitzak kultura arlo zehatz bat lantzen duela. Horri lotuta, adierazi beharra dago ekimenaren helburuetariko bat publikoa gurutzatzea dela; hau da, gehienbat dantza-ekitaldietara joan ohi denak, esaterako, egun horretan musika korala entzuteko aukera ere izan dezala, eta alderantziz.