Natura gordina

a: DATen eskutik 2020ko ots. 6a, 10:28

Derioko Argazki Taldeak (DAT) argazki lehiaketa antolatu zuen iaz hamabigarren aldiz. Guztira, lau sari banatu zituzten. Lehen saria Enrique Lopez Tapiak (Madril) irabazi zuen eta 200 euro eta diploma jaso zituen. Bigarren saria Araun Mohanraj-entzat (Manchester) izan zen eta 150 euro eta diploma eskuratu zituen; eta hirugarren saria Alberto Muñoz Hernandezek (Oñati) lortu zuen. Muñozek 50 euro eta diploma jaso zituen saritzat. Bestalde, akzesita Jose Rasero derioztarrari eman zioten, herriko parte-hartzailerik onena izan baitzen. Raserok ere 50 euro eta diploma jaso zituen.   

Lehiaketan 75 lagunek hartu zuten parte eta guztira 216 argazki aurkeztu zituzten, parte-hartzaile bakoitzak hiru lan aurkezteko aukera zuen eta. Lehiaketa Concursos Digitales izeneko plataformaren bidez kudeatu zuten eta, horregatik, Euskal Herritik kanpoko hainbat argazkilarik aurkeztu zituzten lanak Derioko txapelketara. Hau da parte-hartzaileen jatorria: Derio, 10 lagun; Txorierriko gainerako herriak, hiru; Bizkaiko beste herri batzuk, 17; Euskal Herriko gainerako herrialdeak, 20; Estatua, 16; eta Estatutik kanpo, bederatzi.

Antolatzaileek lehiaketaren hamabigarren edizioan zehaztu zuten lehen aldiz haren gaia: natura. Epaimahaia Juan Ramon Larrocea eta Pablo Freijo bilbotarrek eta Jon Rueda zamudioztarrak osatu zuten, eta irabazleen izenak azaroan ezagutarazi zituzten. Sari-banaketa ere azaroan egin zen eta argazkirik onenak urtarrilera arte egon dira ikusgai Kultur Birikan.  DATen lehiaketak gero eta ospe handiagoa du. Izan ere, hiru parte-hartzailerik onenek Argizaiola lehiaketan parte hartzeko gonbidapena lortzen dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).