Emaitza egitasmoa bihar ailegatuko da Baserri Antzokira

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 13a, 11:57

Emaitza proiektu gastronomikoa, feminista eta eraldatzailea da eta egoera zaurgarrian dauden emakumeak lan-merkatuan sartzea du helburu. Herritarrak jasangarritasunaren, kontsumo arduratsuaren eta elikagaiak aprobetxatzearen garrantziaz jabetzea ere badu xede. Egitasmoa bihar, otsailak 14, aurkeztuko dute Txorierriko Baserri Antzokian, Derion, 19:00etatik aurrera.

Emaitza Errotik kooperatiba feministak sustatutako proiektua da, eta bertan egoera zaurgarrian dauden emakumeek hartzen dute parte. Sustatzaileek azaldu dutenez, egitasmoak formakuntza eta lana eskaintzen dizkie emakume horiei, baita kolektiboki zein indibidualki ahalduntzeko gunea ere. Horretarako, lankidetzan dabiltza Bizkaiko beste jatetxe eta proiektu gastronomiko batzuekin.

Egitasmoaren harira, hilabetean behin ekitaldi sozio-gastronomiko bat antolatzen dute Bizkaiko toki eta eraikin berezietan. Menua emakumezko chefek eta gastronomia-adituek diseinatzen dute Emaitzako emakumeekin batera. Elkarrekin ikuspegi sortzaile batetik kozinatzen dute harritzeko eta kontzientziak astintzeko. Menua, dela iraungitze-datagatik, dela itxuragatik, merkatutik kendu diren elikagaiak erabilita egiten dituzte. Elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankuak lagatzen ditu. Ekitaldi bakoitza bakarra da eta ez du zerikusirik aurrekoarekin. Gastronomia-dastatzeaz gainera, hitzaldiak eta emanaldiak ere antolatzen dira.

Baserri Antzokian, bosgarren ekitaldi gastronomikoa egingo dute bihar, otsailak 14, 19:00etan. Errotik kooperatibako bazkideek Emaitza egitasmoa zer den azalduko dute txokoan, eta bertan ere lehenengo aperitiboa dastatzeko aukera egongo da. Ondoren, eraikin nagusira joango dira. Areto horretan, Loida A. Gomezek performance bat eskainiko du eta menuaren gainerako pintxoak dastatuko dira. Munduko pintxoak izango dira eta haiek egitasmoaren emakumeek prestatuko dituzte Sustraiak Cateringeko sukaldarien laguntzarekin. Menuak 15 euro balioko du eta pintxo hauek osatuko dute: askotariko kroketak; hiru koloreko pastela, mostazazko beganesarekin kraker gainean; txanpiñoiz eta baratxuri samurrez beteriko piperrak, azenario-saltsarekin; seitan eta sasoiko barazkien burruntziak; neguko pateak; limoizko eta mendafinezko sorbetea; eta sesamozko eta kokozko trufak. Pintxo guztiak beganoak dira, barazki-pastela izan ezik, begetarianoa da eta. Lo Sodes Big Bang Jazz taldeak amaiera emango dio ekitaldiari.