Koronabirusa

Derio martxan dago

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 12a, 09:00

Derioko Udalak “Derio martxan” programa jarri du abian “tokiko ekonomia-sareari” laguntzeko. Egitasmoaren bidez, udalak 150.000 euro bideratuko ditu merkataritzara eta ostalaritzara. Iragarri dutenez, maiatzean hasi zen laguntzak kudeatzen eta, horri esker, ezarritako baldintzak bete dituen establezimendu bakoitzak 800 euro jaso ditu.

Gainera, datorren astelehenetik –ekainak 15– uztailaren 30era bitartean, 1.500 “Derio martxan bonu” jarriko dira salgai udaletxean. Bakoitzak 20 euro balioko du, baina erabiltzaileak 30 euroko erosketak egiteko aukera izango du, 10 euroko aldea udalaren kontura izango baita. “Auzokideak animatu nahi ditugu bonuak erostera”, adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak.

Bestalde, udalak 11.400 euroko dirulaguntza onartu du Danerik Paraje merkataritza eta zerbitzuen elkarteak onlineko salmentarako web-app-a abian jartzeko. “Funtsezkoa iruditzen zaigu Derioko saltokien onlineko salmenta sustatzea, ea ekimen honetan aktiboki lan egingo dugu merkatarien elkartearekin batera”, aipatu du alkateak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).