Nahiz eta jairik ez egon, aurten ere sanmigeletako zapia egongo da eskuragarri Derion

a:@sanmiguelderio 2020ko ira. 18a, 10:23

Jai-batzordeak gizarte-sareetan adierazi duenez, San Migel jaiak bertan behera utzi dira Derion; alabaina, aurten ere jaietako zapia egitea erabaki dute. “Zapi ezberdina da, “jaia” hitzik gabekoa. Nostalgiko guztientzako zapia da, ohiturari eta bildumari eusteko. Gustatu ala ez, aurtengoa ere gogoan izateko urtea izango da”, idatzi dute.

Nolanahi ere, argi utzi dute ez dutela jairako deia egin nahi, eta herritarrei arduraz eta konpromisoz jokatzeko eskatu diete, “albisteetan behin eta berriro ikusten duguna” Derion ez gertatzeko. “San Migel jaiek bizirik jarraitzen dutela adierazten duen zapia zuek izatea nahi dugu, besterik ez, eta aurtengoa ere gure historiaren parte dela”.

Zapiak San Migel plazan bertan ipiniko dira salgai irailaren 22an, 23an eta 24an, 17:00etatik 20:00etara, eta 2,5 euro balioko dute.

Jakinarazitakoaren arabera, salmenta segurtasun-neurri guztiei eutsita egiteko lanean dabiltza, eta konpartsa, koadrila eta familietako kideak ondo antolatzea eskertuko lukete, plazaraino ahalik eta jende gutxien hurbildu dadin. “Diru-kopuru zehatza ekartzea ere gustatuko litzaiguke, eta, jakina, zapiak segurtasun-tarteari eutsita, maskara jantzita eta gel hidroalkoholikoa erabilita salduko dira”.

Amaitzeko, jai-batzordeak berriro eskatu du arduraz eta errespetuz jokatzeko. “Hau ez da jaietako zapia, 56 urteren ostean San Migel jaiek bizirik jarraitzen dutela gogora ekartzen digun zapia baizik”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).