Gogoan eta hormetan

a: Wallart 2020ko aza. 9a, 11:33

“Derioztarrak” egitasmoaren bidez, eta udalarekin elkarlanean, Wallart enpresako muralgileek kalera atera dituzte 50eko hamarkadako Derioko pertsonaia ospetsuak. Azaldu dutenez, proiektuaren helburua da Gernikako Arbola kalea eta Larrabarri ibilbidea dinamizatzea, eta, horretarako, lokaletako eta garajeetako ateak-eta pintatzeko proposamena egin zieten bertako auzokideei eta merkatariei. Izan ere, ate horietako asko hondatuta egon dira, itxita urteak daramatzate eta.   

“Proposamenak oso harrena ona izan du, kaleak hiri-artearen galeria txikia bihurtzeko aukera eman baitu. Galeria horretan, antzinako oroitzapenak gogora ekartzen dituzten bitartean, derioztarrak paseatu daitezke, eta irudiez gozatu. Gainera, egitasmoak freskotasuna eta modernitatea ematen dizkio inguruari”. “Derioztarrak” egitasmoak omenaldia egiten die 50eko hamarkadako Derioko pertsonaia esanguratsuei. “Udalaren artxibategian arakatu dugu herriko aitita-amamek gogoan dituzten emakumeak, gizonak eta umeak topatzeko”.

Ibilbidearen hasieran (ezkerretik eskuinera), neskatila bat dago, saskia daramala eta jaietako arropa jantzita; ondoren, ume bi iturri-etan jolasten; eta gero, emakumezko esne-saltzailea eta emakume baserritar bat. Izkina hartu, eta aguazilarekin egiten dugu topo, bizikletaz dabilen eskolako irakaslearekin eta apaizgai birekin. Txarriboda bat ere irudikatu da horma batean, eta omenaldia egin zaio Jose Antonio Begoña “Kiki” kirolariari. Arin-arin dantza taldeko emakumezko dantzari baten irudiak amaitzen du ibilaldia. Irudiak tonu grisez eta argi-ilunez margotu dituzte, “gogoratzeko eta iraganera itzultzeko efektua lortzeko”, eta atzealde abstraktuen gainean ipini dituzte, “kaleari freskotasuna emateko”.

Marrazkiak margo akrilikoa erabilita egin dituzte, baina hasi baino lehen hormak eta pertsianak atondu behar izan zituzten egoera txarrean zeuden eta. “Erronka handia izan da pertsianetan-eta margotzea. Gainazal kurbatuak dira eta, hortaz, bidea topatu behar izan dugu, begirada gainazal irregularretik aldentzeko eta arreta irudietan ipintzeko”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).