Legez kanpoko festa San Jose Artebakarra ostatuan, Derion

a: @ertzaintzaEJGV 2020ko abe. 9a, 09:01

Ertzainak 67 lagun identifikatu zituen atzo Derion, San Isidro auzoko San Jose Artebakarra ostatuan legez kanpoko festa bat egiteagatik. Halaber, ertzainek isunak jarri zizkieten COVID-19ari aurre egiteko alarma-egoeran ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Derioko Udalak, bestalde, gertatutakoa deitoratu du eta erakundearen eta udalerriaren haserrea adierazi du. Gainera, atsekabez hartu du Derio gertaera gaitzesgarri horrengatik albiste izatea, “are gehiago protagonistak udalerritik kanpoko pertsonak izan direnean”.

Auzokideen deia jaso ostean, Ertzaintza astelehenean, gaueko 10ak aldera, azaldu zen Derioko ostatura. Azaldu dutenez, bertan 30 bat ibilgailu zeuden eta musika kanpotik entzun zitekeen. Ostatua jabego pribatua da eta horregatik ezin izan ziren barrura sartu; horren ordez, ateratzeko eskatu zieten eraikinean zeuden pertsonei. Hala ere, gazteak goizeko 7etan hasi ziren ostatutik ateratzen, eta ertzainak ere ordu horretan hasi ziren festaren parte-hartzaileak identifikatzen.  Orotara 67 pertsonari jarri dizkiete izunak, COVID-19ari aurre egiteko osasun-arauak urratu izana leporatuta. Polizia-operazioa 13:30ak inguru amaitu zen.

Haserrea agertzeaz gainera, Derioko Udalak identifikatutako gazteen erantzukizun-falta eta zentzugabekeria salatu ditu. “Pandemia-garaian, halako portaerek agerian uzten dute banaka batzuen elkartasunik eta enpatiarik eza”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak. Era berean, “erantzukizun indibiduala eta kolektiboa” eskatu du, baita indarrean dauden osasun-arauak betetzeko ere. Beste aldetik, esker ona adierazi die arauak betetzen dabiltzan gazte guztiei, eta udalerrian izandakoaren moduko gertaerak gazteekin ez lotzeko eskatu du. “Derioko gazteek jarrera arduratsua izan dute beti, eta oraingo honetan ere jarrera eredugarria dute”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).