8 milioi eurotik gorako aurrekontua onartu da Derion

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 5a, 14:21

Joan den astean, Derioko udalbatzak 2021eko aurrekontua onartu zuen: 8,9 euro orotara, iaz baino % 13,93 gutxiago. COVID-19k sortutako pandemiak baldintzatutako aurrekontua da, eta, “beraz, udal-gobernuak zuhurtasuna eta eraginkortasuna hartu ditu oinarritzat hura osatzeko orduan”, azaldu dute prentsa-ohar baten bidez.

Esther Apraiz Derioko alkateak nabarmendu duenez, aurtengo aurrekontua “herritarrei bideratuta dago eta batez ere pertsona zaurgarrienen beharrak asetzen saiatzeko osatu da, COVID-19aren pandemiak eragin dituen ondorioak arintzeko”. Bestalde, gaur egungo testuinguruari hauek gehitu behar zaizkio: diru-bilketak behera egin izana eta, Udalkutxaren 2020ko aurrelikidazio negatiboaren ondorioz, 42.000 euro itzuli behar izana. Era berean, aurten Udalkutxatik 340.000 euro gutxiago jasotzea espero da.

Gizarte-larrialdietarako laguntzetara 10.000 euro zuzenduko dira, eta Elikagaien Bankurako diru-partidara 10.000 euro gehiago bideratuko dira, produktu freskoak eskaintzen jarrai dezaten. Merkataritza eta ostalaritza suspertzea ere lehentasuntzat izango du udalak, eta herriko elkarteentzako dirulaguntzei eutsiko diete, kultura- eta elkarte-jarduera berreskuratzeko. “Berritasun gisa, COVID-19 izeneko diru-partida sortu da. Hasteko, 100.000 euroko diru-partida izango da eta pandemiak eragindako gizarte-beharrizanei aurre egiteko erabiliko da. Behar izanez gero, diru-partida handituko da”, esan du Apraizek. Era berean, 60.000 euro ipiniko dira Udal Enplegu Plana egiteko eta Txorierriko Mankomunitateari egin beharreko diru-ekarpena handitu da gizarte-zerbitzuak eta EGAZen eskaintza indartzeko.

Bestalde, herritarrek aukeratutako lau egitasmo sartu dira aurrekontuaren barruan: bizikleta-sarea garatzea, txakurguneak hobetzea, Eskolara lagunakaz proiektua eta udal-estetika hobetzea. Egitasmo horietara orotara 100.000 euro bideratuko dira. “Herritarrek gai publikoetan aktiboki parte hartzea behar-beharrezkoa da, baita politika egiteko modu berriaren aldeko apustua ere”.

EAJk aurrekontuaren aldeko botoa eman zuen eta PSE-EE eta EH Bildu alderdiak abstenitu ziren. Udal-gobernuaren hitzetan, oposizioko alderdi guztiek izan dute aurrekontuaren negoziazioan parte hartzeko aukera. Horri lotuta, elkarrizketarako eta negoziaziorako konpromisoa berretsi dute, eta Apraizek oposizioaren jarrera eskertu du. “Zuzenketak hiru alderdi politikoen artean eztabaidatu dira eta akordio onuragarriak hartu dira Deriorako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).