Eatoneko langileek adierazi dute ez dagoela lantegia ixteko arrazoi objektiborik

Aikor aldizkaria 2021ko api. 12a, 14:03

Antolakuntzari eta ekoizpenari lotutako arrazoiak argudiatuta, Eaton multinazionalak martxoaren erdialdean jakinarazi zuen Derioko fabrika itxi eta 37 langileak kaleratzeko asmoa zuela. Horretarako, enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) aurkeztuko du. Enpresa-batzordeko arduradunek azaldu dutenez, kontsultaldia hasi dute eta enpresa oraindik ez die inongo proposamenik egin. “Guk, bestela, enpresa ez ixteko eskatzen dugu, lana egon badagoelako”.

Horrela, bada, enpresak lantegia ixteko asmoa adierazi zuenean langileek greba mugagabea hasi zuten eta, euren esanetan, egun horretan bertan lan-materialez betetako kamioi bat ailegatu zen. Gainera, azaldu dute iaz lanari lotutako malgutasun-orduak egin zituztela pandemiaren ondorioz galdutako lana berreskuratzeko. Bestalde, enpresa-batzordearen ordezkariek esandakoaren arabera, enpresaren asmoa da langileak maiatza edo ekaina aldera kaleratzea, “baina bitartean eskaerak aurrera ateratzen”. Langileek euren lanpostuei eusteko eskatu diote multinazionalari eta gogora ekarri dute 2016an langilerik gazteenak eta zaharrenak kaleratu zituztela. “Langileon bataz besteko adina 55 urtekoa da eta oso zail izango dugu beste enplegu bat eskuratzea”.

Langileak Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Txorierriko Mankomunitateko ordezkariekin biltzekoak ziren gaur. Era berean, espero dute Eusko Jaurlaritzarekin batu ahal izatea eta horrek gatazkan bitarteko izatea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).