Deriok 1,2 milioi euro zuzenduko ditu bost proiektutara

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 6a, 13:15

Derioko osoko bilkurak aurrekontu-aldaketa onartu du bost proiektu egin ahal izateko. Proiektuek orotara 1,2 milioi euroko aurrekontua izango dute eta, Esther Apraiz alkateak adierazi duenez, estrategikoak dira “derioztarren bizi-kalitatea hobetzeko, mugikortasuna eta jasangarritasuna errazteko, eta zerbitzuak, kirol-ekipamenduak eta herriko azpiegiturak hobetzeko. Inbertsio hauen bidez bultzatuko dugu udalerriko bizi-kalitatea”.

Horrela, udalak skate-park bat eraikiko du Gazianeko pisten ondoan eta horretarako 50.000 euro ipiniko ditu. Umeen Kontseiluaren laguntzarekin diseinatutako proiektua da eta lanak hil honetan bertan hasiko dira. Era berean, kiroldegi ondoko futbol-pistak estaliko dira. Egitasmoak 580.000 euroko aurrekontua du eta ahalbidetuko du, klimatologiaz arduratu gabe kirola egin ahal izateaz gainera, herriko elkarteek edo taldeek bertan beste kirol-jarduera batzuk ere egin ahal izatea. Gainera, baliteke etorkizunean estalkian eguzki-plakak ipintzea.    

Bestalde, Herriko Plazaren eta tren-geltokiaren inguruko sarbideak urbanizatuko dira. Azaldutakoaren arabera, geltokirako sarbidea hobetzeko, eskaileretako eta arrapaletako desnibelak eta gabeziak egokituko dira eta irisgarritasuna bermatuko da inguruan. Horri lotuta, gehienez % 8ko malda izango duten arrapala bi eraikiko dira Euskalherria kalearen inguruetan. Udalak 85.000 euro ipiniko ditu lanetan. Halaber, 180.000 euro zuzenduko dira hobetzera, alde batetik, Tabernabarriko sarbidea, eta bestetik, auzo horren eta Mungiako Trenbide Zaharreko Bide Berdearen arteko lotura. Zehatz-mehatz, oinezkoentzako bidea egingo da baserrietatik eta familia bakarreko etxebizitzetatik autobus-geltokietara joateko. Era berean, 630 metroko oinezkoentzako ibilbidea atonduko da, eta trafikoa lasaitu, bide-segurtasuna bermatzeko. Udalaren hitzetan, lanei esker oinezkoentzako lotura segurua egongo da auzoaren eta Mungiako tren zaharra pasatzen zen bide berdearen artean.

Azkenik, inbertsio handiena, 400.000 euro hain zuzen ere, 2023+ Bizikleta Planean egingo du udalak. Egitasmoaren helburua da herrigunea bizikletan ibiltzeko egokitzea. Horretarako, ingurumenaren ikuspegitik baketsua den eremu bat atonduko da. Oinezkoek eta txirrindulariek lehentasuna izango dute eremu horretan, eta ibilgailuen abiadura mugatuko da. Gunea atonduz joateko, hainbat lan egingo dira datozen hilabeteetan. Hala, udalak jakinarazi moduan, herrigunera sartzeko zenbait puntu fisiko edo “ateak” seinaleztatuko dira oinezkoek eta txirrindulariek lehentasuna dutela adierazteko. Halaber, bidegorrien sarea osatuko da: Mungialde etorbidearen eta Butroi kalearen arteko bidegurutzearen inguruko bidegorriak luzatu eta lotuko dira, eta beste bidegorri bat egingo da Aldekone plazatik Errementeriñeraino; gainera, beste bidegorri bi atonduko dira azken leku horiek Ganbe Goikoarekin lotzeko, eta Aldekone plazaren ingurua eta autobus-geltokiak egokituko dira. Bestalde, gaur egungo bizikleta-bideak seinaleztatu eta hobetuko dira segurtasuna indartzeko eta bizikletan ibiltzea sustatzeko, eta bizikleta-bideen eta tren-geltokiaren arteko lotura hobetuko da. Bizikletak aparkatzeko gunea ere ipiniko da tren-geltokian eta eskolan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).