Jostailuak azaroaren 29tik abenduaren 12ra arte jaso genituen Kultur Birikan. Bertara derioztarrak ez ezik inguruko herrietako biztanleak ere hurbildu ziren eta hainbat adin-tartetako umeentzako jostailuak ekarri zizkiguten. Gure lana jostailuak desinfektatzea eta sailkatzea izan zen. Zabalkunde handia eman zitzaion lehenengo fase honi, eta, hortaz, dozenaka herritarrek eta Txorierriko Institutuko ordezkariek ere ekarri zizkiguten ehunka jostailu. Izatez, hain jostailu-kopuru handia jaso genuen, ezen Kultur Birikan uste baino leku handiagoa hartu behar izan baikenuen.
Ondoren, bigarren faseari ekin genion. Jostailuak Kultur Birikan banatu genituen abenduaren 12tik 22ra bitartean. Derioko eta Bilboko familia batzuk etorri ziren jostailu bila, baita Afrikara laguntza bidaltzen duten elkarte batzuk ere. Alde batetik, Hamadako Izarrak elkartearekin izan ginen harremanetan. Elkarte horretako kideek Saharako umeekin egiten dute lan eta jostailu asko eraman zituzten Aljeriako kanpamendu sahararretara bidaltzeko. Beste aldetik, Novisi elkarteak industria-furgoneta bat bete zuen jostailuz, bizikletaz, baloiz eta umetxoak eramateko orgaz, Togora bidaltzeko. Azkenik, Zamudioko bizilagun batek hainbat jostailuz betetako paketea eraman zuen, bere jaioterrira, Togora bidaltzeko.
Aipatutako guztiak oso eskertuta azaldu ziren Alazne Prietok, Derioko Udalak era Emanus Gizarte Fundazioak elkarlanean egin dugun egitasmoagatik. Esan beharra dago PAI Bitarteneko eguneko egoitzan egunero gabiltzanontzat ere oso ekintza interesgarria eta aberasgarria izan dela, harreman zuzena izan dugulako Kultur Birikara jostailuak ekartzera zein hartzera etorri diren pertsona guztiekin. Era berean, Gabonak oso garai berezia direla kontuan hartuta, poz-pozik utzi gaitu herritarrek egitasmoari nola erantzun dioten ikusteak.
Esanak esan, PAI Bitartean programaren kideok eskerrak eman nahi dizkiegu ekimenean parte hartu duten guztiei. Amaitzeko, gogora ekarri nahi dugu datorren Gabonetan ere ekintza antolatuko dugula: espero dugu askoz jostailu gehiago batzea, inguruko zein beste herri batzuetako jende gehiagorengana ailegatu ahal izateko.