Zentroan hiru esparru daude: lehenengoan, kanpoan, ortuak daude; bigarrenean, negutegiak eta aldagelak; eta hirugarrenean, barruko gelak, komuna eta sukaldea. Lehenengo bietan landareak landatuko dira; eta geletan hainbat jarduera egingo dira: batzarrak, ikastaroak... Eraikinak bat egiten du energia-jasangarritasunarekin eta irisgarritasun-irizpideekin. Guztira, 5.000 metro koadro ditu.
Zentroa urrian jarri zen martxan baina inaugurazioa gaur izan da. Hara hainbat lagun hurbildu dira: besteak beste, Esther Apraiz eta Josu Andoni Begoña Derioko eta Loiuko alkateak hurrenez hurren, Mikel Pulgarin APNABIko presidentea, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzako diputatua, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia eta Rafael Ledesma ONCEko Lurralde Kontseiluko presidentea.
APNABI autismoa duten pertsonen familien Bizkaiko elkartea da, irabazi-asmorik gabeko erakundea. Elkartea duela 45 urte sortu zen eta gaur egun 1.500 familia ditu bazkide. Derioko egoitza APNABIk kudeatzen duen 11 zentroetako bat da. Horietan 262 plaza daude. Elkarteak arreta integrala eta indibidualizatua eskaintzen du, 270 profesionalen talde baten bidez. Horiek hainbat esparrutan egiten dute lan: hezkuntza, helduentzako arreta, aisialdia, enplegua, etxebizitza...
Protestak
Inaugurazio-ekitaldian, APNABIko langile batzuk ere batu dira, euren lan-egoerari buruzko kexak adierazteko. “Hitzarmen zilegia eskatzen dugu. Gure egoera eskasa da: zentro batzuk urriak dira, ez dago baliabiderik, langileok erasoak jasotzen ditugu, kudeatzaile batzuek ez dute heziketa nahikorik... APNABIk esan digu dirurik ez duela, baina, bitartean, hiru etxebizitza erosi ditu, eta bere egoitza nagusia handitu. Eta Aldundiaren onespena dute horretarako. Horregatik lan-etenaldiak egingo ditugu”, esan dute langileek.