Electricidad Bilza, saritua Bizkaidendakeko erakusleiho lehiaketan

a: Deriocom elkartea 2023ko urt. 11a, 11:07

Bizkaidendak federazioak laugarren aldiz antolatu du erakusleiho lehiaketa eta sariak atzo iluntzean, urtarrilak 10, banatu ziren Kultur Birikan, Derion. Sarituen artean udalerriko Electricidad Bilza denda egon zen, zeinak bigarren saria jaso zuen; gainera, herriko saria ere irabazi zuen. “Que la vida me perdone las veces que no la víví” lelopean, Electricidad Bilzako erakusleihoan bizitzari oda ederra islatu dute.  

“Pozik baino pozago gaude”, esan du Mari Carmen Bilbaok. “2022a oso urte gogorra izan da, lagun bat hil delako eta senarra hilzorian egon delako. Erakusleihoa haientzako omenaldia da”. Esperientzia mingarri horiek abiapuntutzat hartuta, oso erakusleiho alaia apaindu dute, zeinetan bizitza bizitzearen garrantzia azpimarratu duten. “Presentea bizi behar da, baita iraganeko momentuak eta etorkizuna ere. Hori dela eta, hainbat momentutako argazkiak erabili ditugu, umeen argazkiak… Ohiko zuhaitza erabili beharrean, egurrezko eskailera bat apaindu dugu; gitarra bat ipini dugu, baina abarkak eta txapela ere, era askotako bezeroei keinua egiteko…”.

Konposizioaren atzean erloju handia ipini dute. “Denbora pasatzen delako eta horretaz bakarrik ohartzen garelako zoritxarra gertatzen zaigunean: galbana dela-eta egin ez genituen gauza haiek, gerorako utzi genituen planak…”. Saritik harago, Bilbaoren esanetan, oso babestuta sentitu zen atzoko ekitaldian, eta azpimarratu du bere lankideen lana. “Anderrek, Begok eta hirurok lantalde handia osatzen dugu”. Bere ilobarentzat ere izan ditu hitzak. “Egia esan, ez nuen lehiaketara aurkezteko gogo handirik, baina berak behin eta berriro esategatik amore eman nuen azkenean”. Nolanahi ere, aipatu du erakusleihoa apaintzeko orduan helburua ez zela irabaztea, baizik eta jendearen gustukoa izatea. “Primitivako sari potoloa egokituz gero, ez dakit nik hain pozik egongo nintzatekeen; bueno, pozik bai, baina hain hunkituta, ziur ezetz”.

Bestalde, Durangoko Tyl interiorismo-dendari lehen saria eman zioten, eta Astrabuduako Etxegorri farmaziari, hirugarrena. Herritarren botoa Durangoko Sylke arropa-dendarako izan zen. Lehiaketaren helburua da Bizkaiko merkataritzaren sormena bultzatzea, erakusleihoek, produktuek eta zerbitzuek herritarrak erakartzeko. Saritan 2.800 euro baino gehiago banatu ziren, eta diplomak, parte-hartzaileen artean. Ekitaldian batu ziren, besteak beste, Jesús García de Cos, Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua; Esther Apraiz, Derioko alkatea; eta Deriocom elkartearen kideak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).