Bizikletetarako aparkalekua jarriko dute Derioko tren geltokiaren alboan

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 14a, 13:28

Derioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute herrian bizikletetarako aparkalekua jartzeko, BiziPark sarearen barruan. Aldundiak 60.000 euroko dirulaguntza emango du eta udalak aparkalekua kudeatuko du. Bizikletak tren-geltokiaren alboan, Herriko plazan aparkatuko dira.

Aparkalekuak gutxienez 20 plaza izango ditu, eta ezaugarri hauek: sarrera-kontrola eta kudeatzeko softwarea; barruko argiak beti egongo dira piztuta; armairu batzuk, erabiltzaileek bertan gauza gordetzeko; eta zaintza-sistemak eta Derioko Udaltzaingoari lotutako kamerak. Aparkalekua beti egongo da zabalik, urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan. Hilabetean erabiltzeagatik, lau euro kobratuko dira; hiruhilekoan, 10 euro; seihilekoan, 20 euro; eta urte osoan, 40 euro. Bi asterik behin behintzat erabili beharko da, aparkalekua bizikletak gordetzeko toki ez bilakatzeko.

Aparkalekua 16 urtetik gorako edozein lagunek erabiltzeko aukera izango du, Derion erroldatuta zein erroldatuta ez daudenek. Eskaera-kopurua lekuak baino handiagoa bada, zozketa egingo da. Proiektua gaur aurkeztu da Derion eta hara Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko sailburua, Esther Apraiz Derioko alkatea eta zenbait teknikari hurbildu dira. “Abenduan, bizikletetarako aparkalekua jarri genuen eskolan. Udalak mugikortasun iraunkorra bultzatzeko eta bizikleta garraiobide osasungarri gisa erabiltzeko konpromisoa erakutsi du, eta bizikletetarako aparkalekuak horren adibide dira. Aparkaleku berriak, gainera, garraiobideen arteko intermodalitatea sustatuko du, ibilgailu pribatuaren kalterako”, esan du Apraizek.

Deriokoa ez da Bizkaian jarriko den aparkaleku bakarra. Aldundiak 360.000 euro bideratuko ditu sei herrirekin hitzarmenak sustatzera: Derio, Barakaldo, Güeñes, Abadiño, Bermeo eta Zalla. Uztailean, Ermuan ireki zuten lehenengo aparkalekua. Txorierrin, Zamudion, Euskotrenek aparkaleku antzeko bat jarri zuen martxan 2019an.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).