Juana Elguezabal 1842an jaio zen Derion eta gaztetxoa zela Cacesera joan zen osaba eta izeko zaintzera. Emakume aitzindaria izan zen eta bertan antzokia eta eskola bat sortu zituen. Bere izena herriko kale edo leku bati ipintzeko proposamena Txorierri Institutuko DBHko laugarren mailako ikasle batzuek egin zuten. Izan ere, Filosofia irakasgairako lan bat egiten zebiltzala, Derioko kale, auzo eta parkeen izenak aztertu, eta topatu zuten emakume-izen bakarra zegoela: Arantzazu kalea. Egoera zuzentzea beharrezkotzat jo zuten eta, hasteko, herriko kale bati Juana Elguezabal izena ipintzeko proposamena egin zioten udalari.