ODS Irratia

t: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2023ko mai. 30a, 08:44

Ganbara Gizarte Irratia da PAI Bitartean zerbitzuaren irratia. Bertan, hiru urte daramatzagu edukiak sortzen, gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen eta komunitatearen arteko harremanaren balioa azpimarratzeko. Hori dela eta, kanpoko eragileengana jo behar izan dugu, gurekin kolaboratu dezaten; haien artean daude elkarteak, fundazioak eta pertsona ezagunak.

Leioako EHU da eragile horietako bat. Orain dela zazpi urte hasi ginen proiektuak elkarrekin partekatzen; zehatz-mehatz, Hezkuntza Fakultatearekin. Monike Gezuraga irakaslearen eskutik, Ganbara Gizarte Irratiarekin kolaboratzeko aukera ematen zaie ikasleei, gizarte-gaiei lotutako podcast-a sortu dezaten. Gaur egun arte, besteak beste, gai hauek jorratu dituzte: feminismoa eta M8, etxebizitzarik ez izatea, droga-mendekotasuna eta gazteek jasaten duten prekarietatea. Egitasmoari esker, gure fundazioa ezagutzeko aukera dute, eta gunea sortzen da, gizarte-hezkuntzako ikasleak eta Derioko zentrora egunero etortzen diren pertsonak harremanetan ipintzeko.

Eta egitasmoari esker ere ODS Irratiaren gonbidapena jaso genuen, Leioako unibertsitatean egiten duten irratsaioan parte hartzeko. Bertan, irrati komunitarioa nola eta zertarako sortu genuen kontatu genuen, eta gure esperientzia zein den. Era berean, gure zentrotik pasatu diren ikasleekin izandako harremana baloratu genuen. Guztira, 50 gaztek baino gehiagok kolaboratu dute Ganbara Gizarte Irratian, eta, hortaz, esperientzia eta pasadizo asko ditugu kontatzeko.

Oso goiz entretenigarria eta aberasgarria eman genuen Leioan: unibertsitatera ailegatu ginen; ODS Irratiak aire zabalean duen muntaketa ikusi genuen; urduritasuna; gure egitasmoak zuzenean azaldu… Nolanahi ere, irrati-munduan esperientzia dugunez, oso elkarrizketa naturala eta interesgarria egin genuen. Hori EHUko Unibertsitatearen webgunean dago entzungai, ODS Irratian. Bestetik, irratiko arduradunek zoriondu gaituzte gure lanagatik, eta gure arteko loturak sendotu genituen, unibertsitatearekin eta ODS Irratiarekin lanean jarraitzeko.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).