Ane Vallo derioztarrak beka lortu du Espainiako taekwondo selekzioarekin nazioarteko txapelketetan parte hartzeko

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 2a, 13:45

Datorren ikasturtean, Ane Vallo taekwondolari derioztarra Madrilera joango da, hango Errendimentu Handiko Zentrora egunero entrenatzera, Espainiako selekzioak beka eman diolako. Horrela, nazioarteko txapelketetan hartuko du parte. Orain arte, Vallo Doyan Derioko gimnasioan entrenatu da eta bertako entrenatzaileak poz-pozik agertu dira gazteak egindako aurrerapausoarekin.

Azken urte honetan, izugarrizko garapena izan du 17 urteko gazteak: gogor entrenatu du eta emaitzak ere etorri dira. Horietako bat Espainiako Kluben Txapelketan lortutako brontzezko domina izan da. Gainera, duela aste batzuk, Espainiako selekzioak deitu zion Madrilgo Errendimentu Handiko Zentroan entrenamenduak egitera. Han Estatuko borrokalari onenenekin batera egin zituen saioak, besteak beste, Jone Magdaleno bilbotarra, Europako txapelduna. 

“Jone laguna da eta bera Madrilen dabil entrenatzen, oso ona delako. Eta berak antolatu zuen Aneren saioa. Espainiako selekzioa gazte bila zebilen eta Magdalenok Ane iradoki zien”, esan digu Iñigo Galan Doyan gimnasioaren entrenatzaileak. Vallok, antza, errendimendu ona erakutsi zuen hiru eguneko saio horretan, beka eskaini diotelako. “Batzuetan, borrokalariek eskatu behar dituzte bekak, baina Anek ez du izapide bat ere egin behar izan; bere mailarengatik eman diote”.  

Doyan gimnasioaren arduradunak harro daude Valloz. “Batetik, Anek kluba uzteak pena ematen du, datorren urteko egutegia planifikatuta genuelako eta Europako txapelketetara joateko asmoa ere bagenuelako (Paris, Errumania, Belgika...); baina bestetik, oso pozik gaude, berarentzat izugarrizko aurrerapausoa delako. Taekwondolari batentzat Errendimentu Handiko Zentroan entrenatzea da futbolari batentzat Athleticen jokatzea bezalakoa, horrek goi-mailan lehian sartzea esan nahi duelako: baliabideak entrenatzeko, arerioak munduko onenak dira...”. 

Gaztea pozik dago aldaketarekin. “Hunkituta dago, taekwondo izugarri gustatzen zaiolako. Eta sakrifizio handia egin beharko du. Bere bizimodua bertan behera utziko du eta Madrilera joango da bizi izatera. Han Batxilergoko Bigarren Maila ikasi beharko du eta gainera, gaztelaniaz, betidanik euskaraz ikasi arren. Hala ere, ilusio handia du eta nik uste dut prest dagoela”, esan du entrenatzaileak. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).