Gaizka Garitanok ez du Eibar taldean entrenatzaile datorren urtean jarraituko

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 9a, 13:14

Eibar taldeak iragarri du Gaizka Garitano entrenatzaile derioztarrak ez duela taldea hurrengo denboraldian zuzenduko. Erabakia “bion artean” hartu dutela esan du talde gipuzkoarraren oharrak. Patxi Ferreira bigarren teknikariak ere kluba utziko du. “SD Eibarrek eskerrak eman nahi dizkie bai Gaizka Garitanori bai Patxi Ferreirari beren profesionaltasunarengatik. Etorkizunerako zorterik handiena opa die”, adierazi du talde eibartarrak.

Derioztarra iaz izendatu zuten Eibar taldeko entrenatzaile, baina aurreko etapa batean ere izan zen klub giputzaren teknikaria. Guztira, Garitanok Eibarren 228 partida zuzendu ditu. Bere eskutik, klubak ez du helburua lortu, hau da, Lehenengo Mailara igotzea. Urte bietan, sendo ibili da Ligan, baina azken txanpan maila kaskarra eman dute eta kanporaketa zuzena ihes egin zaie. Era berean, kanporaketan, iaz, Girona nagusitu zen; eta aurten, Alaves. “Aspalditik, taldeari gauza batzuk falta zaizkio igoera lortzeko. Azken urte biotan puntu bakar bat falta zaio, eta kanporaketan ez dugu zorterik izan. Taldeak ahaleginak egin ditu, azken momentura arte saiatu eta saiatu egin gara, baina ezin izan dugu”, esan zuen Garitanok atzo, Alavesen kontrako partida bukatu eta gero.

Derioztarrak adierazi zuen Alaves finago ibili zela. “Lehengo golak eragin handia izan du, arerioaren defentsa primerakoa delako. Alavesek jakin badaki horrelako partidak kudeatzen eta ez da erraza markagailua zure kontra dagoela gasteiztarren aurka jokatzea. Bagenekien oso garrantzitsua zela lehenengo gola guk sartzea, baina ez dugu lortu. Haiek, aldiz, lehenengo aukeran asmatu dute. Ostean, berdinketa lortzeko gol-aukerak ere izan ditugu, baina ez ditugu sarera sartu”. Bukatzeko, Garitanok Eibarko zaletuak izan zituen gogoan. “Eskerrak eman behar dizkiet, gure alde beti agertu direlako. Saiatu gara, baina alferrik. Datorren urtean berriro saiatuko gara”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).