Alvaro Peña futbolari derioztarra Herbehereetako Lehenengo Mailara igo da

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 13a, 11:18

Almere herria Amsterdametik 30 kilometrotara dago eta 200.000 lagun bizi dira bertan. Almereri Amsterdam berria esaten diote, Herbehereetako hiriburua gainpopulazioa arintzeko, duela 46 urte sortu zutelako. Urte batzuk beranduago, 2001ean, Almere City FC futbol taldea ere eratu zuten eta asteburu honetan lehendabiziko aldiz Lehenengo Mailara igo da. Talde horretan Alvaro Peña derioztarra dabil.

Almere taldeak hirugarren postuan bukatu zuen Herbehereetako Bigarren Mailako Liga eta horri esker, igoera lortzeko kanporaketak jokatu ditu. Lehenengoan, Eindhoven taldeari irabazi zion; bigarrenean, VVV-Venlo taldeari; eta hirugarrenean, Emmen taldeari. Almere City Herbehereetako talderik gazteena da; eta Almere, herrialdeko herririk gazteena. Taldeak lehendabiziko aldiz jokatuko du Herbehereetako Lehenengo Mailan, herrialdeko erraldoien kontra: Feyenoord, Ajax eta PSV. Igoera ospatzeko, 6.000 zaletu atera ziren kaleetara.

Peña iaz joan zen Holanda aldera. Derioztarrak 31 urte ditu eta eskarmentu handia du Espainiako Bigarren mailan, hainbat taldetan ibili delako eta guztira 400 partida jokatu dituelako profesional mailan: Albacete, Mirandes, Racing, Lugo, Alcorcon eta Amorebieta. Gainera, 2012an debuta egin zuen Athletic taldean. Aurten, 31 partida jokatu ditu Almere taldearekin; bost gol sartu ditu eta asistentzia bat banatu. Martxoan klub holandarrak iragarri zuen Peñak urtebete gehiago jarraituko zuela bertan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).