Bizkaiko Lau t´erdiko pilota Txapelketa Derion jokatuko da bihar eta etzi

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 15a, 14:00

Barikuan eta zapatuan, ekainak 16 eta 17, Bizkaiko lau t'erdiko Txapelketa Derioko udal pilotalekuan jokatuko da. Partidak goizean eta arratsaldean jokatuko dira hainbat kategoriatan. Txorierritar batek, Aiala Uriarte sondikoztarrak, txapelketan hartuko du parte zapatu arratsaldean.

Aiala Uriarte Lezamako klubean aritzen da eta zapatuan Marta Gomezen (Danok Lagunak) kontra jokatuko du Derion. Partida emakumezkoen lehenengo mailari dagokio. Ez da ordutegia zehaztu, txapelketaren jaialdiaren barruan dagoelako. Uriarteren partida arratsaldeko txandan egingo da, 16:00etatik aurrera. Txanda horren lehenengo partida Khadim Lok (Akarregi) eta Ekain Escuderok (Kurene) jokatuko dute elkarren kontra, kadeteen hirugarren mailan. Ostean, gazteen bigarren mailan, Luken Atutxa (Olaburu) eta Peru Ugalde (Arkupe) arituko dira; ostean, Uriarte eta Gomez; eta jaialdia biribiltzeko, Mikel Larrinaga (Gallarta) eta Aitor Serrano (Bidebieta), nagusien hirugarren mailan.

Goizean, beste lau partida jokatuko dira 10:00etatik aurrera: kadeteen bigarren mailan, Mikel Lizarbek (Izarra), Jon Gerrikabeitiaren (Durango) kontra; gazteen hirugarren mailan, Marcos Cidek (Artza), Harkaitz Hormaetxearen (Artza) kontra; emakumezkoen bigarren mailan, Malen Lamadridek (Txumuluxueta), Enara Gallastegiren (Txumuluxueta) kontra; eta nagusien bigarren mailan, Enoc Iglesiasek (Upo Mendi), Gorka Ibarrondoren (adiskide) aurka.

Jaialdia bihar arratsaldean hasiko da, 18:30ean. Kadeteen lehenengo mailan, Iker Rekaldek (Txumuluxueta) Izkander Torralbaren (Lagun Onak) kontra jokatuko du; gazteen lehenengo mailan, Aner Iglesiasek (Upo Mendi), Bingen Beitiaren (Joko Alai) kontra; eta nagusien lehenengo mailan, Gaizka Karregalek (Adiskide) Mikel Aurrekoetxearen (Lemoa) kontra.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).