CD Deriok gaur ospatuko du igoera

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 16a, 13:03

CD Derio 3. RFEF mailara igo da aurten lehendabiziko aldiz. Izugarrizko arrakasta izan da, derioztarrak lehengo aldiz Estatu mailako kategorian ibiliko direlako eta Txorierriko talderik onena direlako. Ospakizunak lehengo astean egin ziren, azken-aurreko partida bukatu zenenean, baina gaur, 19:00etatik aurrera, Ibaiondo zelaian batuko dira jai berezia egiteko. Gainera, Iñigo Aguinaga “Txolo” jokalariak utziko du taldea eta jaian omenaldia egingo zaio.

19:00etan, 30 minutuko partida egingo da, Txolok zelaian zaletuei, lagunei eta senideei agur esateko. Partida bukatzen denean, Ohorezko Mailaren Txapeldunen Kopa emango zaio CD Derio klubari, eta ekitaldia amaitzen denean, Edu eta Tara djak arituko dira. Jaia biribiltzeko, klubak barbakoa antolatu du 19:45etik aurrera eta han hanburgesak, txistorra eta txitxi-burruntzia erreko dira.

Bestetik, CD Derio datorren denboraldia hasi da prestatzen. Hurrengo astean, taldea aurkeztuko da Kultur Birikan, 19:00etan, baina erabaki batzuk jakinarazi ditu aurreko egunetan, gizarte sareetan. Esate baterako, Egoitz Bilbao teknikariak eta Asier Feo eta Arman Imaz laguntzaileek taldean jarraituko dute, baita Mikel González, Lander González, Aimar Barrera, Galder Carreras eta Markel Vegas jokalariek ere.

Era berean fitxaketa batzuk iragarri dituzte. Horietako bat Guillermo Ruiz aurrelaria da, bilbotarra, 28 urtekoa. Ruizek eskarmentu luzea du Hirugarren Mailan, hainbat taldetan: Leioa, Somorrostro, Santurtzi, Deustu... Barakaldo taldean ere aritu da eta iaz, Duragoko Cultural taldean egon zen. Beste fitxaketa bat Iraultz Lekerika izango da. Aurrelaria Zamudio taldetik etorriko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).