Dena prest Txorierri Egunerako

Aikor aldizkaria 2023ko urr. 19a, 11:05

Orain dela egun batzuk argitara eman genuen moduan, Baserri Antzokian Txorierri Eguna ospatuko dute asteburuan, urriak 21 eta 22. Tokiko ekoizleen eta eragileen lanaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, egitasmoak euskal kultura eta euskara nabarmena du helburu. Horretarako, ekintza-sorta zabala antolatu dute, adin guztietako lagunek ederto pasatu dezaten. 

Zapatuan, goizetik hasita, bertoko produktuen azoka eta perretxikoen erakusketa egongo dira eta janari postuak ere ipiniko dituzte, hala nola taloa, txakolina, sagardoa eta pastela. Eguerdiko 12etan euskal dantzak izango dira, eta Derioko Miragarri taldeak dantza-erakustaldia egingo du 13:30ean. Bestalde, umeentzako perkusio-tailerra egingo da 15:00etan, eta 17:00etan kontzertua izango da Entzi eta Otsoa musikarien eskutik.

Domeka pedalei eraginez hasiko da. Izan ere, 11:00etan, eta Gela Pedagogikoaren eskutik, sei kilometroko ibilbidea egingo da bizikletan. Baserri Antzokitik atera, eta Deriotik paseoa eman ostean Baserri Antzokira itzuliko da. Helmugan hamaiketakoa egongo da parte-hartzaileentzat. Azkenik, 13:00etan, zozketa bereziak izango dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).