Deriok 11,7 milioi euroko aurrekontua onartu du, 2023koa baino % 6,5 handiagoa

Aikor aldizkaria 2024ko urt. 3a, 12:56

Deriok 11.719.045 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, ekitaldi honetan baino % 6,5 gehiago. “Agintaldi berri honi hasiera ematen dioten lehenengo aurrekontuak dira, eta udal derioztarraren historiako handienak izaten jarraitzen dute”, adierazi dute prentsa-ohar baten bidez.

Aurrekontuak abenduaren 26an egindako osoko bilkuran onartu ziren. Udalak azaldu duen moduan, aurrekontuek izan zituzten EAJren aldeko botoak (7), EH Bilduren abstentzioa (4) eta PSE-EEren aurkako botoak (2). “Kontu berriek berretsi egiten dute tokiko gobernuak zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzarekin eta derioztarren ongizatearekin duen konpromisoa, bai eta aurrekontu-egonkortasunarekin, zorroztasunarekin eta kudeaketa arduratsuarekin ere”. Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “Derioztar bakoitza edozein erabakiren erdigunean kokatzen jarraituko dugu. Derioko bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea da gure lehentasun nagusietako bat da, baita Udalari sendotasun eta kaudimen handiagoa ematen jarraitzea ere".

Alkateak azpimarratu du kontu koherenteak direla, eta Gobernu taldearen ezaugarri izan den baliabideen kudeaketa eraginkorrari esker, Udala "Bizkaiko administrazio osasuntsuenetako bat” dela, “zorrik gabea eta baliabide propioekin inbertitzeko gaitasunarekin". Halaber, alkateak aurrekontu parte-hartzaileen prozesuak aurten ere izan duen arrakasta azpimarratu du, 400 boto-emaile inguruk parte hartu baitute prozesu horretan.

Gastuen atalari dagokionez, Apraizek adierazi du 2024ko kontuetan ere igoera bat ikusten dela zenbatekoan, ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuaren 2023ko aurrekontuarekin alderatuz. “Hazkunde hori ekonomiaren inflazio-joeraren ondorio da, eta horrek zuzenean eragiten du berrikus daitezkeen zerbitzu kontratatuetan. Aipatzekoa da Udala garbiketako, lorezaintzako, azpiegituren mantentze-lanetako eta zerbitzu publikoko eraikinetako zerbitzuak etengabe hobetzeko eta baliabideak handitzeko egiten ari den lana, bai eta gizarte, kultura eta kirol-zerbitzuak eta derioztarren eta haien ongizatearen aldeko zuzeneko zerbitzuak diren guztiak ere. Udalak bere esfortzu guztiak horietara bideratzen jarraituko du”. Bestalde, langileen kapituluan, “udal-langileei udal-zerbitzuak eraginkortasunez ematea ahalbidetuko dien egitura finkatzeko apustu estrategikoari eusten zaio. Era berean, pertsona behartsuenentzako eta herriko gizarte, kultura eta kirol-sare osoarentzako dirulaguntza guztiak mantenduko dira”.

Inbertsioak

Inbertsioei dagokienez, 889.400 eurokoa da partida. “Ohi bezala, aurrekontuak negoziatzeko prozesua zabalik egon da, une oro, oposizioko talde politiko guztientzat. Horrela, aldez aurretik egindako negoziazio-batzordeetan, EH Bilduk 6 zuzenketa aurkeztu ditu guztira, eta PSE-EEk 8; horietatik 6 onartu dira (PSE-EEren 4 eta EH Bilduren 2) eta gobernu taldeak datorren urteko aurrekontuetan sartu ditu”.

Lortutako akordioen artean, honako proiektu hauek nabarmendu ditu gobernu taldeak: oinezkoentzako pasabideak egokitzea, 50.000 euro (PSE-EEren proposamena); Taileri kaleko zoladura hobetzea, 40.000 euro (EH Bilduren eta PSE-EEren proposamena); kanpoko frontoiaren zorua hobetzea,30.000 euro (EH Bilduren proposamena); kiroldegiko sarreran markesina bat eraikitzea, 5.000 euro (PSE-EEren proposamena);eta igerilekuetan zuhaitzak landatzea, 2.000 euro (PSE-EEren proposamena). “Proiektu horiei guztiei, eta derioztarrek ezarritako lehentasunei jarraituz, aurrekontuen partaidetza-prozesuan sortutako beste hiru ekimen gehitu beharko litzaizkieke. Guztira 104.000 euro bideratuko dira horiek gauzatzeko: estalitako kirol-kantxen alboko itxiera, 80.000 euro; txikipark bat sortzeko bideragarritasunaren azterketa, 18.000 euro; eta radar pedagogiko berriak jartzea udalerriko hainbat tokitan: 6.000 euro”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).