Atzo mobilizazioa egin zen Derion, Mankomunitateari eskatzeko SADeko langileen egoeraz arduratu dadin

a: Itaia 2024ko urt. 5a, 12:13

Txorierriko Etxez Etxeko Laguntza-zerbitzuko (SAD) langileek eta Itaiak deituta, atzo mobilizazioa egin zen Derion, SADeko langileen lan-baldintza eskasak salatzeko eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateari eskatzeko “euren egoeraz arduratu dadin eta zerbitzua ematen duen enpresari, Urgatzi SL, presioa egin diezaion oinarrizko baldintzak bete ditzaten”. Hainbat herritarrek bat egin zuten deiarekin, langileei babesa adierazteko.

SADeko langileek komunikatu bat irakurri zuten. Haren bidez azaldu zuten moduan, ia urtebete daramate borrokan euren lan-baldintzen hobetzeko, “eta apirilean erabateko prekarietatera eramaten gaituen hitzarmena sinatu zen arren, ez dugu amore emango”. Langileen esanetan, azken 10 urteetan bakarrik 30 euroko soldata-igoera izan dute, eta zerbitzua emateko euren autoa erabili behar dute; horrek 1.300-1.500 euroko gastua ekartzen die urtean. Horrezaz gainera, adierazi dute, besteak beste, ordu erdiko zerbitzuak ere ematen direla, senideei eta zaintzaileei ez zaiela atsedena hartzeko ordurik eskaintzen eta kasuak ez direla guneka antolatzen.

SADeko langileek Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateari eskatzen diote Urgatzi SL enpresari presioa egiteko, “begi bistako lan-baldintzak bete ditzan, hala nola kasuak guneka antolatzea, lan-arropa zerbitzua ematen den landa-ingurunera egokitzea, erabiltzaileen txostenak eguneratzea eta langileok autoaren gastua beren gain hartu behar ez izatea”. Era berean, Mankomunitateari eskatzen diote “ordu erdiko zerbitzua gutxienez ordubeteko zerbitzu bihurtzeko, langile guztiei udalerri guztietan aparkatzeko txartelak emateko eta senideei edo zaintzaileei atsedena hartzeko orduak eskaintzeko”.  

Itaiako ordezkariek ere irakurri zuten komunikatua. “Instituzioek aurpegi aurrerakoia eta berdintasunaren aldekoa erakutsi nahi duten arren, emakume langileon bizi- eta lan-baldintzen kaskartzearen konplize zuzenak dira”, esan zuten. Gainera, azpimarratu zuten beste alde batera begiratzeak langileen lan- eta bizi-baldintzetan ez ezik zerbitzuan ere erabiltzaileengan ere eragina duela. “SADeko langileen aldarrikapenak babestea eta Mankomunitateari egoeraren ardura har dezan exijitzea guztion ardura da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).