Herriko kirolaririk onenak omendu ditu Deriok

a: Derioko udala 2024ko urt. 22a, 10:12

Barikuan, urtarrilak 19, Derioko Kirolaren Gala egin zen Kultur Birikan. Galak hirugarren edizioa bete du aurten, eta ekitaldian herriko kirolarien eta kirol-taldeen lana aitortu eta saritu zen. Doyan, Txorierri Basketland eta CD Derio klubetako 20 kirolarien baino gehiagoren merituak jendaurrean aintzat hartzeaz gainera, errekonozimendu berezia egin zioten Gela Pedagogikoa Kirol Elkarteari, 25 urte bete ditu eta.

Galan, Doyan Taekwondo klubeko kirolari hauek jaso zuten aitortza: borroka-arloan, Libe Tomas, Naiara Arrola, Ainhize Hernández, Ainhize Achutegui, Pablo Jiménez, Gaizka Pardo, Mario Sanabria,  Izaro Antón, Violeta Perez eta Ane Vallo; eta poomsae-arloan, Danel López, Laura Ferreira, Garazi de la Torre eta Aitor de la Torre, Fran Valle, Laura Nofuentes, Jon Jorge Nofuentes, Markel García, Elizabeth Garnett, Unai Velada eta Senda Rueda.

Bestalde, Txorierri Basketland Klubeko kirolari hauek omendu zituzten: emakumezkoen haur-taldea, emakumezkoen junior taldea, Roberto Flores eta Iuliana Balog. Era berean, CD Derioko A kadete taldea eta gizonezkoen lehen taldea omendu zituzten; baita Iñaki Ateka ere, klubean ibilbide luzea egin du eta. Azkenik, Harriet Aketxe eta Markel Cidon atleta gazteek ere jaso zuten errekonozimendua.

“Ez dut ordezkaritza hoberik imajinatzen”, esan zuen Esther Apraiz Derioko alkateak galan. “Deriok enbaxadorerik onenak ditu hainbat eta hainbat kirol-lehiaketan. Eskertzekoa da, eta batez ere aitortzekoa, zuen sakrifizioa, ahalegina, laguntasuna eta hobetzeko gogoa. Harro gaude zuetaz”. Apraizek adierazi zuenez, kirol-jarduera aisialdi osasungarrirako tresna estrategiko moduan bultzatzen jarraitzeko konpromisoa du Derioko Udalak, eta horretarako, “kalitateko kirol-instalazioak adin guztietako derioztarren eskura jartzen ditu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).