Derioko HAPO jendaurrean ipiniko da hainbat informazio- eta partaidetza-ekintzen bidez

a: Derioko Udala 2024ko mar. 7a, 10:48
a: Derioko Udala

Derioko Udala 2021ean hasi zen udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egiten. Lehen fasea, hirigintza-informazioari buruzkoa, urte horretan bertan egin zen, eta ordutik hona aurrerapen-dokumentua landu dute udalak eta plana idatzi zuen lan-taldeak. Udalak prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, planaren aurrerapena jendaurrean ipiniko da hainbat informazio- eta partaidetza-ekintzen bidez.

Aurreko faseetan moduan, HAPOn herritar guztiek har dezakete parte”, esan du Derioko Udalak. Hainbat modu dituzte horretarako. Adibidez, martxoaren 20an, 18:30ean, informazio-hitzaldia eta parte hartzeko saioa egingo da euskaraz zein gaztelaniaz Kultur Birikako Euskadi Aretoan. Era berean, gaurtik, martxoak 7, maiatzaren 7ra bitartean hapo-derio.eus webgunean parte hartzeko aukera egongo da, eta esandako epean ere planari buruzko erakusketa izango da Kultur Birikan. Erakusketa nork bere kabuz bisitatu ahalko du, edo bisita gidatua eskatu. Bisita gidatua eskatzeko, aldez aurretik izena eman behar da HAPOren webgunean, eta data aukeratu: martxoaren 21ean, 12:00etan (euskaraz); apirilaren 11n, 12:00etan (gaztelaniaz); apirilaren 17an, 18:00etan (euskaraz); ala apirilaren 25ean, 18:00etan (gaztelaniaz).

Beste aldetik, parte hartzeko saio espezifikoak egingo dira hainbat talderekin, hala nola adinekoekin, haurrekin eta gazteekin. Azkenik, banakako kontsultak egin ahalko zaizkio erredakzio-taldeari, planaren webgunean aldez aurretik hitzordua eskatuta.

“HAPO tresna oinarrizkoa eta nagusia da udalerri bateko erabilerak eta eraikuntza antolatzeko”, azaldu du udalak. Funtsean arautzen du udal-eremu fisikoan zer, non eta zenbat egin daitekeen, lurzoru eta eraikin publikoetan zein pribatuetan. HAPO egitea prozesu luzea da, eta hainbat fase ditu behin betiko dokumentua onartu arte. HAPOren sustatzailea Udala den arren, gurea 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria denez, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dago behin betiko onarpena”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).