Apirilaren 20an, bestalde, argazki-lehiaketa egingo da 09:00etatik 14:00etara, eta, maiatzaren 5ean, Amaren Egunari lotutako ekintzak izango dira; zehatz-mehatz, poesia-errezitala eta musika-saioa izango dira eta 100 bitxilore banatuko dituzte entzuleen artean. Era berean, maiatzaren 18an, Euskal Mendizale Federazioak omenaldia egingo die hilerrian lurperatutako mendizaleei, eta egun horretan ere orienteering proba izango da kanposantuan. Ekainaren 1ean, 08:30etik 14:00etara, aire zabaleko pintura-lehiaketa egingo da, eta irailaren 1ean, kontzertua egongo da Iñaki Bermúdez saxo-jolearen eskutik.
Santu Guztien Egunaren harira, azaroaren 1ean, 13:00etatik 14:15era kontzertu lirikoa egongo da; gainera, sukaldaritza-errezeten lehiaketa ere antolatu da. Azkenik, aipatu beharra dago aurten lehen aldiz egingo dela laburmetraien lehiaketa. Lanek gehienez hiru minutu iraun beharko dute, eta kanposantuaren irudi positiboa helarazi.