`Leihatila ibiltaria´ entzuteko eta parte hartzeko prozesu berria martxan ipini du Deriok

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 17a, 11:46

Auzo bakoitzak beharrizan bereziak dituela jakinda, “Leihatila ibiltaria” egitasmoaren helburua da “Derioko bizilagunen kezkak, iradokizunak eta ideiak bertatik bertara ezagutzea eta jasotzea”, azaldu du Derioko Udalak. Horretarako, alkatea eta udaleko zinegotziak auzo guztietara hurbilduko dira, “herritarrek eskuragarriago duten leihatila berria irekiz”.

Jakinarazi dutenez, solasaldi irekiak eta dinamikoak izango dira, “derioztar bakoitza nahi eta ahal duenean gerturatu ahalko da eta alkateari eta udal-gobernuko zinegotziei zuzenean egin ahalko dizkio bere ekarpenak”. Lehenengo bi hitzorduak Ganbeko txokoan ipiniko dira, Ganbe eta Errekatxueta auzoetako biztanleak hartzeko: maiatzaren 21ean, martitzenean, 11:30etik 13:30era; eta maiatzaren 23an, eguenean, 17:30etik 19.30era.

“Derioko auzo guztiak bisitatuko ditugu, derioztarren eskaerei erantzuteko”, adierazi du Esther Apraiz alkateak. “Ekimen honen bidez, herritarrei entzun nahi diegu eta udal-politiketan ere protagonismoa izatea nahi dugu. Udal moduan, gure nortasun-ezaugarrietako bati jarraipena eman nahi diogu, Gobernu Irekiari, hain zuzen ere. Ikuspegi horren bidez, zerbitzu publikoan sorreran eta hobekuntzan herritarren lankidetza bultzatu nahi dugu, gardentasuna eta kontu-ematea indartuz”.