Sinadura-bilketaz gainera, Zabalak zenbait bilera izan ditu Bilboko Udalaren eta Gogora institutuaren ordezkariekin. Kontatu digun moduan, azkenean akordioa egin dute alderdi guztiek eta Begoñako gudariak Derion geldituko dira, Bilboko hilerrian eraikiko den memoria gunean hain zuzen ere. Asmoa da gunea datorren urtean egitea, eta Begoñako gudariak zein hilerrian dauden beste gudari batzuk hara eramango dituzte.
Zabalak lau urte eman ditu Begoñako gudarien gorpuzkiak Pikaza familiaren panteoitik ez ateratzeko, eta hortaz, pozik azaldu da egindako akordioarekin. “Alde batetik, lortu dugu hilobiaren salmenta etetea, eta bestetik, gudariei esker ona betiko adieraztea”.