Astelehenean parte hartzeko aurrekontuen prozesua abian ipiniko du Deriok

Aikor aldizkaria 2024ko mai. 31a, 14:14

Derioko Udalak jakinarazi duenez, astelehenean, ekainak 3, hasiko da 2025eko aurrekontuetan parte hartzeko prozesua, “bizilagunen lankidetzari eta inplikazioari esker udalerria eraldatzen jarraitzeko”. Egutegiak azken edizioetako egiturari eutsiko dion arren, herritarrek botoa emateko epea bost egunetik 14 egunera luzatuko da, “iritzia emateko gogoz inor gera ez dadin eta prozesuak ahalik eta parte-hartze handiena izan dezan”.

Proposamenak ekainaren 3tik 28ra bitartean egin ahalko dira. Udalak 120.000 euroko diru-partida gorde du aukeratzen diren egitasmoak gauzatzeko, eta adineko pertsonengan ipiniko du arreta, “horien parte-hartzea bultzatuz eta biztanleriaren segmentu garrantzitsu honentzako proiektuak sustatuz”. Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “Derio elkarrekin eraikitzen jarraitu nahi dugu. Gero eta gehiago dira azken urteotan errealitate bihurtu ditugun herri-ekimenak, eta filosofia horrekin jarraitu nahi dugu, konpromiso kolektiboaren filosofiarekin. Hori dela eta, parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei, euren ideiak helaraz diezazkiguten, Derio guztion artean udalerri hobeago bat izan dadin”.

Prozesuan Derion erroldatutako zazpi urtetik gorako edonork hartu ahalko du parte. Lehenengo fasea ekainaren 3tik 28ra bitartean izango da, eta bertan herritarren proposamenak bilduko dira. Proposamenak Gertuan Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo Kultur Birikan aurkeztu ahalko dira, bertan eskuragarri dauden inprimakiak beteta. Era berean, www.derio.eus webgunean dagoen inprimakia deskargatu, bete, eta partaidetza@derio.eus helbide elektronikora bidali daiteke.  

Bigarren fasean, uztailaren 1etik 5era, proposamenen bideragarritasuna aztertuko da. Proposamenek baldintza hauek bete beharko dituzte: udalerrian hobekuntzak ekarriko dituzten, herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eta udal-zerbitzuak hobetu ditzaketen proposamen garrantzitsuak eta interes orokorrekoak izatea; udalaren edozein jarduera-eremutako ideiak eta proiektuak izatea; ekonomikoki bideragarriak izatea; eta mantentzeari eta ustiaketari dagokienez, jasangarriak izatea.

Proiektu bideragarrien zerrenda irailaren 9an argitaratuko da udaletxeko iragarki-oholean eta derio.eus webgunean. Proiektu bideragarriak irailaren 16tik 30era bitartean bozkatu ahalko dira derio.eus webgunean eskuragarri egongo den inkestaren bidez. Online egiteko ezagutzarik ez duten herritarrek laguntza edukiko dute Gertuan bulegoan eta Kultur Birikan. Emaitzak urriaren 15ean argitaratuko dira udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-oholean.Udalak prozesuan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Jakinarazi moduan, iaz 400 pertsonak parte hartu zuten prozesuan.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).