Udalak jakinarazi duenez, bi arrazoik bultzatu dituzte lehiaketa antolatzera. Alde batetik, aurten Bizkaian jaio zen lehen umea Deriokoa da, eta konturatu ziren ez zutela jaioberriari ongietorria emateko ezer. Bestetik, behin irrati baten deia jaso zuten eta eskatu zieten «Hala bazan eta ez bazan sar dadila kalabazan eta atera dadila Derioko plazan» ipuinetako esaldi ezagunaren jatorria argitzen laguntzeko. “Esaldia herri askotako plazetara eraman den arren, jatorrizkoa Deriokoa zelako ustea zutela esan ziguten, eta ea argitzen lagundu ahal genien. Ikertzen ibili ginen eta ezin dugu ziurtatu jatorrizkoa hemengoa denik, baina oso aspaldiko erreferentziak aurkitu genituen. Bi ideia horiek bateratuta erabaki genuen haur jaioberrientzako ipuin lehiaketa egitea”.
Lehiaketaren oinarrietan zehaztu dutenez, ipuinak gutxienez testua eta irudiak izango ditu, eta formatu-proposamenak ere onartuko dira. Balio sozialak edo humanitarioak sustatu beharko ditu, hala nola elkartasuna, ontasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, elkarrekiko laguntza eta natura-ingurunearen zaintza. Gainera, hurrengo esaldi hau jaso beharko du: “Eta hala bazan edo ez bazan sar dadila kalabazan eta atera dadila Derioko plazan”.
Ipuin irabazlea aukeratzeko orduan, epaimahaiak kontuan hartuko ditu testu-edukiak eta eduki sinbolikoak eta sentsorialak. Balorazio-irizpideak hauek izango dira: formatuaren eta narratibaren egokitasuna (% 50), gaien tratamendua eta balioak (% 30) eta originaltasuna (% 20). Lanak posta elektronikoz aurkeztu ahalko dira gurene@derio.eus helbidera bidalita, edo udaletxean bertan, astelehenetik barkura, 08:00etatik 14:00etara.
Posta elektronikoz bidaltzen badira, gaian “GURENEREN IPUINAK” idatzi beharko da, eta bi fitxategi erantsi. Lehenengo fitxategian zehaztu beharko dira ipuinaren izenburua, testua PDF formatuan, irudiak, eta formatu berezirik izanez gero, haren deskribapen laburra. Bigarren fitxategian, bestalde, zehaztu beharko dira ipuinaren izenburua, egilearen izena, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, NANaren kopia eta esaldi sinatu bat adierazteko lan originala dela, argitaratu eta saritu gabea eta ez dela inongo lehiaketara aurkeztu. Lanak udaletxean aurkezten badira, “Gurenen ipuinak” izeneko karpeta batean entregatu beharko dira, eta karpeta horretan bi gutun-azal itxi sartu: gutun-azal bakoitzak izan beharko du bidalketa elektronikoaren fitxategi erantsietarako zehaztutako eduki berbera. Informazio gehiago hemen.