Radarren helburua da informazioa ematea, gidariak jabetzeko zein abiaduratan zirkulatzen dabiltzan. Hala ere, udalaren hitzetan, erregistratutako datuak ez dira inola ere erabiliko isunak jartzeko, “ez baitira matrikulak erregistratuko, ezta gidariak edo ibilgailuak identifikatuko ere”. Autoek 30 kilometro orduko abiadura gainditzen badute, radarren display-a gorri ipiniko da; bestela, berde.
“Helburua da eremu hauetan ibilgailuen abiadura murriztea eta abiadura-mugarekiko errespetua eta kontzientziazioa sustatzea”, adierazi du Esther Apraiz alkateak. “Gero eta mugikortasun-modu gehiago daude, eta, Derio guztiontzat seguruagoa eta atseginagoa izan dadin, guztion arteko oreka eta armonia bilatzeko beste urrats bat da”. Bestalde, Derioko Udalak gogora ekarri du aurretik ere Mungialde Etorbidean radar pedagogikoak ipini zituztela.