Horrezaz gainera, Floresek ezinbestekotzat hartu du dendek eta zerbitzuek indarrak batzea eta ahalegin komuna egitea. “Ezinbestekoa da aurrera egiteko, eta horretan gabiltza Deriocomen, ideia eta kanpaina berriak sustatuz”. Jakin badaki batzuetan zaila dela Internetekin eta merkataritza-gune handiekin lehiatzea, baina tokiko merkataritzaren indarguneak azpimarratu ditu herritarrek tokiko denden alde egin dezaten: kalitatea, tratu hurbila eta bezero bakoitzaren beharrizanetara egokitutako zerbitzua.
Gaur egun, 57 denda eta zerbitzu daude Deriocom elkartearen barruan, eta, Floresen hitzetan, ez da beharrezkoa erosketak egitera beste herri batera joatea, “Derion denetarik dugu eta”. Herriko merkataritza-sarea zabala da, eta hainbat arlotako profesionalak daude elkartearen baitan. Arlo horien artean aipatu daitezke, besteak beste, osasuna, edergintza, moda, elikadura, etxeko tresnak, atsedena, teknologia eta administrazio-zerbitzuak.