Partaidetzazko aurrekontuetan bozkatu ahalko diren hiru proiektuak ezagutzera eman ditu Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2024ko ira. 10a, 13:46

2025eko partaidetzazko aurrekontuen lehen fasean 98 proposamen jaso zituen Derioko Udalak. Horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ondoren, udalak bozkatu ahalko diren hiru proiektuak eman ditu ezagutzera: haur-parkea estaltzea, kultur eskaintza aberastea eta aire zabaleko kirolerako baliabideak handitzea. Proiektu bakoitzari 120.000 euroko diru-partida esleitu diote.

Botoa emateko epea irailaren 16tik 30era bitartean egongo da zabalik, eta hura herrian erroldatuta dauden zazpi gorako lagunek eman ahalko dute. Botoa www.derio.eus webgunean egongo den onlineko formulario baten bidez eman ahalko da, edo Kultur Birikan eta udaletxeko Gertuan arreta-zerbitzuan utziko diren inprimakiak osatuta. Herritarren botoen bidez erabakiko da aurrera zein proposamen eramango den.

Derioko Udalak jakinarazi duenez, haurrentzako parke estaliak eraikitzeko edo dauden parkeetako bat estaltzeko proposamenak jaso dira. “Udalak aurreikusita du haur parke estali bat eraikitzea. Beraz, proposamen hau aukeratuz gero, dagoeneko eraikita dagoen beste haur parke bat ere estali ahalko litzateke”. Adin eta gustu ezberdinetarako kultur proposamenak egiteko eskaerak ere jaso dituzte. “Programazioa aberastuko litzateke bai ikuskizun-mota gehiago erabiliz, bai adin-tarte bakoitzerako ekimenak antolatuz eta euskarazko ekitaldi gehiago antolatuz”. Aire zabaleko kirolerako baliabideak handitzeko eskaerei dagokienez, “kanpoko kantxak hobetuko lirateke, eta kalistenia baliabideak zabaldu”.

Udalak prozesuan parte hartzera animatu ditu herritarrak, “pertsona bakoitzaren botoa garrantzitsua delako Derio hobea eraikitzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).