“konta(kta)tu” lelopean, CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak banatu ziren atzo, urriak 23, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, Donostian. Sarien artean, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak CAF-Elhuyar merezimendu-saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko. Aurtengo edizioan, Miren Basaras Ibarzabal derioztarrak jaso du aitortza hori, “euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, mikrobiologiaren eremuan bereziki”, azaldu dute.
Adierazi duten moduan, Patronatuak aintzatetsi nahi izan du COVID-19aren pandemiaren garaian Basarasek gaixotasuna ulertarazteko eta prebentzio-neurriak hartzeko egin zuen lana, “modu ulergarrian beti, alarmarik piztu gabe eta ikuspegi sozial handiarekin”. Horrezaz gainera, euskarari eta euskarazko hedabideei emandako lehentasunezko tratamendua azpimarratu nahi izan du Patronatuak.
Sariketak bi helburu ditu: egileak (zientziazaleak, zientzialariak, eragileak) beren jakintza, ikerketa edo egitasmoen berri ematera bultzatzea, kontatzera gonbidatzea alegia; eta, horrekin batera, jendearen kezkei, beharrei edo interesei erantzutea, hau da, gizartearekin konektatzea.