Izan ere, Perez gogoz prestatu du bere burua Errumaniako Openerako, eta entrenamendu fisikoaz gainera, arlo psikologikoa ere landu du kirol-psikologo batekin eta bere entrenatzailearekin. “Lehiaketaren aurreko egunean, lagundu behar izan nion entrenatzaileari, eta ezin izan nuen arreta osoa nire buruarengan ipini. Hala ere, asko gozatu nuen kideekin eta asko ikasi nuen entrenatzaile moduan. Gainera, horrek lagundu zidan hurrengo egunean, nire lehiaketari dagokionez, ikuspuntu argiagoak izaten. Lehiaketa egunean, lan psikologikoa landu nuen lan fisikoa baino lehen, eta horrek lagundu zidan lehiaketan sortu ziren tentsio-uneei aurre egiten”.
Abenduaren hasieran Espainiako Klubeko Txapelketan hartuko du parte, eta adierazi digu klubeko kirolariak lanean dabiltzala podiumeko lehen postuan egoteko. Ondoren, Euskadiko Txapelketan parte hartuko du, eta otsailean, Espainiako Autonomia Txapelketan. “Gogora ekarri behar da mundiala izango dela, eta lan egingo dugu bertan ere egon ahal izateko”.
Perezekin batera, Errumaniako Openera joan ziren Doyan klubeko Claudia Tamargo, Irene Vallo, Naiara Arrola eta Enara Garrido. Baita Iñigo Galan entrenatzailea ere.