ETS taldeaz gainera, Eider, Nogen taldeko abeslari ohia, ere igoko da agertokira. Eiderren kontzertua 21:00etan hasiko da, eta haren ostean, 22:30etik aurrera, ETS taldearen abestiez gozatzeko aukera egongo da. Kontzertu-gunean txosnak ipiniko dira, eta inguruan parking bat atonduko da. Horrezaz gainera, auzoz auzo ibiliko den doako autobus-zerbitzua egongo da, eta garraio publikoaren zerbitzua indartuko da. Segurtasuna bermatzeko, Derioko udaltzain guztiak izango dira lanean, eta segurtasun pribatuaren arloko 20 bat profesional gehituko dizkiote segurtasun-dispositiboari. Era berean, eraso matxisten aurkako arreta-zerbitzua eskainiko da, eta gune bat atonduko da mugikortasun urriko pertsonentzat. Gunea erabiltzeko, mezua bidali behar da kultura@derio.eus helbide elektronikora.
Esther Apraiz Derioko alkateak espero du kontzertu arrakastatsua izatea. “Bertaratzeko eta hitzordu honetaz gozatzeko deia egiten diegu herritarrei. Egungo talde euskaldun potenteenetako bat izango dugu Derion. Plataforma digitaletan gehien entzuten den taldea da, sare sozialetan jarraitzaile ugari dituena, eta kontzertuetan jende gehien mobilizatzen duen euskal taldea. Modako taldea da, gazteen zein nagusiagoen artean. Udalak gazte derioztarren gustu eta eskaerei erantzuten dieten kultura- eta aisialdi-jarduerak eskaintzeko duen konpromisoaren erakusgarri da jarduera hau”, azpimarratu du Apraizek prentsa-oharrean.