"Sorginaren logela"

Aikor aldizkaria 2024ko aza. 28a, 13:12

Aitziber Raya Derioko ilustratzailearen obra lehena da Sorleku atal berrian. Bere lanaz hau esan digu: “Errealismo magikoa errealitatea sakontzeko modua da niretzat, irrealaren bidez. Nire ilustrazioaren bidez, kostunbrismoa nabarmendu nahi dut hainbat elementu magikorekin kontrastatuz. Horiek izaki nagikoak izan daitezke, kolore mugatuko paletak erabiliz, formei eta haien biribiltasunei garrantzia emanez edo oharkabeko xehetasunak nabarmenduz. Marrazten hasi nintzenean, modu tradizionalean lantzen nuen, papera, akuarelak eta tintak erabilita. Denboraren poderioz metodologia aldatu, eta orain modu digitalean lantzen ditut lan gehienak. Horrek aukera ematen dit ilustrazioak bizkortzeko eta pertsonaiei bizitza emateko. Adibidez, orrialde honetako ilustrazioan tradizionalean egindako marrazki batekin hasi nintzen, eta gero Procreate-n digitalizatu nuen. Hasieran, zirriborroa egin nuen eta pixkanaka eman nion forma, ondoren Procreate dreams-en bizia emateko”.

Rayak Sorkuntza eta Diseinu gradua ikasi zuen EHUko Arte Ederretako Fakultatean, eta egun Diseinu eta Ilustrazio masterra egiten dabil Valentzian. Hainbat egitasmotan hartu du parte, esaterako, Zerbikas gidetan eta Sugaar argitaletxearentzat.