Institutuko ikasleak eguzkitako krema ez kutsakorra sortzen dabiltza Alemaniako ikastetxe bateko ikasleekin batera

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 12a, 12:20

Erasmus egitasmoaren bidez, Txorierri Institutua elkarlanean dabil Alemaniako Saarbruck ikastetxe franko-alemanarekin. Susana Cuesta eta Irantzu Randez irakasleak dira proiektuaren arduradunak, eta azaldu dutenez, ikasleek eguzkitako krema ez kutsakorra sortuko dute. 

Proiektua da Laborategi Teknika ikasten dabiltzan Batxilergoko I. mailako ikasleentzat, baina leku libre egon denez, Lan Jarduera ikasten dabiltzan DBHko 4. mailako ikasleei ere eman zaie bertan parte hartzeko aukera, “irakasgai antzekoak direlako”. Guztira Txorierriko 26 gazte dabiltza proiektuan, eta Alemaniako 24 ikasle. “Kutsakorra ez den eguzkitako krema sortu behar dute, eta horretarako, hainbat pauso egin: itsasoko ura aztertzea, udan erabilitako kremek kutsatu duten ikusteko, Europako araudiak ere aztertzea… Eta, azkenean, eguzki-babes naturalak erabilita sortuko dute krema ez kutsakor bat”. Proiektua gehienbat ingelesez egiten dabiltza.

Saarbruck ikastetxeko ikasleak azaroaren 24tik abenduaren 5era bitartean izan ziren Txorierrin. “Eguzki-krema sortzetik harago, egitasmoak beste helburu batzuk ditu, hala nola beste herri bateko hizkuntza, ohiturak eta kultura ezagutzea, gazteengan kontzientzia ekologikoa piztea eta, Europan gugan eragina duten neurriak hartzen direla kontuan hartuta, ikasleak jabetzea Europa benetan zer den eta elkarlana zelan egiten den”. Horrela, Alemaniako ikasleek bisitatu dituzte Bilboko Alde Zaharra eta Guggenheim museoa, eta Euskal Herriko Unibertsitateak Plentzian duen laborategian ere izan dira. Gainera, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta institutuan antolatutako ekitaldietan parte hartu ahal izan dute. “Gu otsailaren 6tik 13ra bitartean joango gara Alemaniara, eta beste ekintza batzuen artean, Estrasburgora joango gara, Europako Parlamentura. Eguzkitako krema ez kutsakorra sortu, eta ondorioak atera beharko dituzte ikasleek. Ea txostena baten bati emateko aukera duten!”.

Ikasleekin batera hiru irakasle joango dira Alemaniara. Kontatu duten moduan, elkartrukea 2017an hasi ziren egiten, eta balorazioa erabat positiboa da. Aurreko urteetan hizkuntzari lotutako proiektuak garatu dituzte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).