Udalerri osoan LED argiak ipini ditu Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 6a, 13:26

Prentsa-ohar baten bidez zabaldu dutenez, Derioko Udalak herriko argien sare osoa modernizatu du eta LED argiak ipini ditu herrigunean, landa-eremuetan, bizitegi-guneetan eta industrialdeetan. Udala 2019an hasi zen argiak ordezkatzen, eta udalerri osoan 1.500 argi baino gehiago ordezkatu dituzte, “energia eraginkortasuna hobetuz, kontsumoa murriztuz eta argiztapen jasangarriagoa eta segurua bermatuz”, azaldu dute.

Herriko argi guztiak ordezkatzeko, 775.000 euro ipini ditu Derioko Udalak, eta horretarako, 345.000 euroko laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren “Herriak Egiten” aparteko funtsetik. Argiak hainbat fasetan ordezkatu dira, “herritarren segurtasuna eta ongizatea lehenetsiz”. Azken fasean, 289 argi ordezkatu dira Neinver eta Ugaldeguren industrialdeetan, Seminarioko bidean, Butroi kalean eta Garbigunearen inguruan. Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “pozgarria da duela sei urte hasitako prozesu hau amaitzea”. Era berean, nabarmendu du beste esparru askotan urratsak egiten jarraituko dutela, “Derio udalerri eraginkor moduan eta jasangarritasunarekin konprometitutako udalerri moduan sendotzeko”.