6.000 euro batu dituzte Derion, ELA dutenen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko

Aikor aldizkaria 2025ko mar. 24a, 14:13

Oso eguraldi txarra izan zen martxoaren 15ean. Hala ere, Derioko herritar-talde batek deituta, 200 lagun inguru batu ziren Zientzia eta Teknologia Parkean, alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) dutenen aldeko ekimen solidarioan parte hartzeko. Hainbat ekintza egon ziren egunean zehar, eta helburua izan zen dirua biltzea, gaixotasun hori duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Guztira 6.075 euro batu zituzten, eta diru guztia ADELA-Bizkaia elkarteari eman diote.

Ekitaldiak goiz-goiz hasi ziren. Lehenengo eta behin, bi ibilaldi neurtu egin ziren: bata umeentzat, eta bestea helduentzat. Umeentzako ibilaldian 35 lagun ibili ziren, eta nagusientzako ibilaldian, 150 pertsona. Gainera, guztira 17 boluntariok parte hartu zuten ibilaldietan, eta lau txirrindularik. Era berean, txalaparta- eta musika-saioak egon ziren, eta herri-bazkaria egin zen. “Eguraldi txarra egon arren, herritarrek oso erantzun ona adierazi dute. Derio oso herri solidarioa da; nolanahi ere, aipatu beharra dago ekintzetara beste herri batzuetako lagunak ere etorri zirela”, adierazi zuten antolatzaileek.

Joan den udan, ELA diagnostikatu zioten derioztar bati, eta lagunak batu ziren ekintza solidarioa antolatzeko eta gaixotasun hori duten pertsonei laguntzeko ekarpena egiteko. Esan moduan, batutako dirua ADELA-Bizkaia elkarteari eman diote. Elkartearen helburu nagusia da ELA duten pertsona guztien eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzea. Era berean, gizartea gaixotasun honekiko sentikor bihurtu nahi du, ELA dutenen errealitatea ezagutu dadin.