EMAUS

Argiak, hitzak eta ekintza!

Aikor aldizkaria 2025ko api. 10a, 10:03

Kultura komunitarioko proiektua da Emaús Gizarte Fundazioak bultzatutako “Argiak, hitzak eta ekintza!” egitasmoa, eta bertan Derioko hainbat pertsonak, kolektibok eta erakundek parte hartzen dugu. Parte-hartzaileok bat egin dugu, ahotsak partekatzeko, gure esperientziei buruzko hausnarketa egiteko eta batez ere bizi nahi eta behar dugun komunitateari buruz eztabaidatzeko. Egitasmoak batez ere gizarte-kohesioa sendotzean ipintzen du azpimarra, baita leku komun bat eraikitzean ere, zeinetan pertsona guztiak ordezkatuta daudela eta entzuten zaiela sentitzen baitira.

Egitasmoan sartu diren erakunde guztiek bultzatu dute parte hartzeko barne-prozesu bat, bereizten dituen kontzeptu giltzarria identifikatzeko eta hausnartzeko. Kontzeptu hori ezinbestekotzat jotzen dute, Derio kohesionatuagoa, inklusiboagoa eta eraldatzaileagoa izateko, eta, era berean, komunitatea hobetzeko duten konpromisoaren sinbolo bihurtu da.

Erakundeen adierazgarri diren hitzak Derioko hainbat leku publikotan dauden armairu elektrikoetara eraman dira, eta esanahiz beteta dauden mezuak botatzen dituzten mihise bihurtu dira. Hibernando Estudio arte-kolektiboaren laguntzari esker, udalerriko hiri-paisaia eraldatzeaz gainera, artearen bitartez hausnarketara eta herritarren arteko elkarrizketara gonbidatzen duten ideiak zabaltzen ari dira. Horma-irudiek garrantzi eta gaurkotasun handiko gaiei heltzen diete, eta haien artean aipatu ditzakegu klima-larrialdia, kulturartekotasuna, hainbat belaunaldiren arteko parte-hartzea, inklusioa, oroimena eta sustraiak, irisgarritasuna eta aniztasunarekiko begirunea. 

Egitasmoa bozgorailua izan da herritarrak aipatutako gaiekiko sentikor bihurtzeko eta konponbide kolektiboak bultzatzeko. Lerro hauek idatzi arte, hurrengo erakunde hauek sartu dira egitasmoan: Emaús, APNABI Autismo Bizkaia, Lantegi Batuak, Marikobaso eta Nagusien Etxea. Espero dugu laster erakunde gehiagok egitasmoarekin bat egitea eta ekimena udalerriko argi-armairu gehiagotara zabaltzea.