Zehatz-mehatz, sei solairuko bi eraikin altxatuko dira sestra gainean, eta aparkaleku eta trastelekuetarako soto-solairu komun bat izango dute. Eraikin bakoitzak bi atari izango ditu eta haietara bide publikotik sartu ahalko da. Etxebizitzak logela bakarrekoak edo logela bikoak izango dira, eta edukiko dituzte egongela-jangela, sukalde integratua, bainugela eta esekitokia. Bestalde, lehen solairuak eta atikoak terraza zabala izango dute, eta teilatupeko solairuetan mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako lau etxebizitza aurreikusi dira. Azaldutakoaren arabera, etxebizitzen sustapena “industrializazio-sistema partzial batekin egiten dabiltza, A bikoitzeko energia-ziurtagiria izango du eta, hortaz, bermatuko dira eraikuntzaren eraginkortasuna, energiaren aurrezpena eta ingurumen-jasangarritasuna”.
Etxebizitzak alokairu eskuragarriko erregimenean eskainiko dira, eta hortaz, merkatukoak baino merkeagoak diren errentak ordainduko dira. Prentsa-ohar batean orientabidea eman du Derioko Udalak: “Udalerrian, alokairuaren batez besteko prezioa merkatu libreko alokairuaren prezioaren % 75 ingurukoa da. 2022ko araudiaren arabera, etxebizitza beharra dutenek eskuratu ahalko dituzte etxebizitza horiek, baldin eta haien urteko diru-sarrera haztatuak 21.000 eta 39.000 euro artekoak gehi araudia argitaratu zenetik aintzat hartutako inflazioaren doikuntza badira. Gutxienez etxebizitzen % 50 izango da 21.000 eta 30.000 euro arteko diru-sarrera haztatuak dituzten pertsonentzat”. Udalak leku bat atonduko du 2026ko urtarrilean, etxebizitzak eskuratzeko interesa duten herritarrei informazioa eta orientazioa emateko.
Egitasmoa atzo, maiatzak 19, aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzak, Derioko Udalak, Sukia eraikuntza-enpresak eta Q-Living higiezin-inbertsioak kudeatzeko enpresak. Esan moduan, proiektua “2022ko urriaren 14ko Aginduaren baitan kokatzen da, diru-sarrera ertainak dituzten pertsonentzako alokairu eskuragarria sustatzen duena eta gutxienez 50 urtean erabiltzeko konpromisoa ezartzen duena. Ekimenak lankidetza publiko-pribatua indartzen du eta Aldekoneren garapen babestuko ereduari jarraipena ematen dio”.
Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, azpimarratu zuen moduan, alokairu eskuragarriaren formulak erantzuna ematen die eskatzaile arruntei: euren sarrerak direla-eta etxebizitza sozial bat eskuratzetik kanpo geratzen dira, baina ez dute gaitasun ekonomiko nahikorik merkatu librean hipoteka ordaintzeko edo etxebizitza erosteko. “Bilboko metropoli-eremuan dagoenez, alokairuaren prezioak zuzeneko eragina du Derion. Horregatik, are zentzu handiagoa du halako proiektuak bultzatzeak bertan bultzatzeak, eta indartzen du gaur egungo egoitza-premiaren profilei erantzuteko dugun konpromisoa”. Bere esanetan, “alokairu eskuragarria ohikoa da Europako beste herri batzuetan, eta tarteko sektoreentzat ere landu behar da, dagoeneko arazoa ez baita soilik klase zaurgarrienena”.
Beste alde batetik, Esther Apraiz Derioko alkateak azpimarratu zuen udalak urte asko daramatzala babestutako etxebizitza bere estrategiaren erdigunean jartzen. Horrela, 2014tik hona, “250 etxebizitza babestu baino gehiago sustatu dira Aldekonen, eta 2016rako 379 izango dira guztira. Hori hainbat eragileren apustu irmoa, etengabea eta ausarta izan da. Erakunde moduan, gure erantzukizuna da beharrizan handiena duten pertsonei laguntzea eta erraztea, eta horixe egiten gabiltza”. Azkenik, Joseba Cedrún Sukia enpresaren zuzendari nagusiak nabarmendu zuen “eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzari esker, etxebizitza babestuen garapenean Aldekone Euskadiko erreferente” bihurtu dela. Eraikitze-lanak amaituta, Q-Living enpresak eraikina esleitzeko eta kudeatzeko ardura izango du.