Derioko igerilekuetako taberna kudeatzeko lehiaketa publikoan proposamenak aurkezteko epea bihar arte zabalik

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 26a, 11:18

2025eko udako denboraldian udal-igerilekuetako taberna-modulua alokatzeko kontratua esleitzeko lizitazio-prozesua ireki du Derioko Udalak, eta interesa dutenek biharko 12:00ak arte, maiatzak 27, aurkeztu ahal dute euren proposamena.

Prentsa-ohar baten bidez jakinarazi dutenez, gutxieneko kanona 562,30 eurokoa da (BEZa barne), eta esleipen-irizpide bakarra ekonomikoa izango da: kanon handiena eskaintzen duenak puntuaziorik altuena lortuko du. Errentamendu-kontratuaren epea denboraldi batekoa izango da, udako igerilekuak 2025eko ekainaren 7an irekitzen direnetik 2025eko irailaren 7an ixten diren arte. Kontratua beste denboraldi baterako luzatu ahal izango da 2026an, antzeko iraupenarekin, eta datak udalarekin adostuko dira. Eskaintzak aurkezteko informazio, betekizun eta gainerako baldintza guztiak Eusko Jaurlaritzaren Kontratatzailearen Profilean daude eskuragarri. Baldintzak kontsultatu eta proposamenak aurkezteko sartu hemen.