Deriok bere eguzki-mapa jarri du martxan

Aikor aldizkaria 2025ko mai. 28a, 11:34

Adimen artifizialean eta analisi energetikoan espezializatutako ImpactE enpresa teknologikoaren lankidetzan, Derioko Udalak eguzki-mapa interaktibo bat jarri du martxan, udalerriko biztanle bakoitzak bere etxebizitzaren, enpresaren edo merkataritza-lokalaren eguzki-aprobetxamendua ezagutzeko aukera izan dezan.

Azaldu duten moduan, tresna Europa mailako punta-puntako teknologian oinarritzen da, eta udalerriko teilatu guztiak aztertzen ditu, modu argian informazio hau emateko: eraikin bakoitzean zenbat eguzki-panel ipini ahal diren, zenbatetsitako energia-errendimendua, gutxi gorabeherako beharrezko inbertsioa, aurreikusitako urteko aurrezpen ekonomikoa eta instalazioak ekarriko lukeen CO2 isurien murrizketa. Informazio hori guztia eskuragarri egongo da webgune publiko batean. Esan bezala, Derioko Udalaren helburua da “herritarrak ahalduntzea, herri-ingurunean iraunkortasuna erraztuko duten erabaki informatuak hartu ahal izateko”.

Beste alde batetik, Esther Apraiz Derioko alkateak azpimarratu duenez, “Deriok beste urrats bat egingo du gardentasunarekin, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta energia garbiekin duen konpromisoan, derioztarrei aldaketarekin bat egiteko tresna praktikoak eta fidagarriak eskainiz”.