Derioko igerilekuak zapatuan zabalduko dira

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 5a, 12:51

Derioko Udalak jakinarazi duenez, zapatuan, ekainak 7, estali gabeko udal-igerilekuak zabalduko dira irailaren 7ra arte. “Hiru hilabetez, herritarrek aisialdi-eremu honetaz gozatzeko aukera izango dute, beroari aurre egiteko eta familiarekin edo lagunekin une dibertigarriak partekatzeko”, adierazi dute prentsa-ohar batean. Igerilekuak 11:00etatik 20:30era egongo dira zabalik, baina astelehenetik barikura ordutegi berezia izango da igerilarientzat: 09:00etatik 11:00etara.

Tarifei dagokienez, udako familia-abonuak 79 euro balio ditu, eta indibidualak 57 euro balio ditu 18 urtetik gorakoentzat, eta 40 euro, 18 urtetik beherakoentzat. Era berean, eguneko sarrera erosteko aukera egongo da: 5,5 euro, 18 urtetik beherakoek; 7 euro, helduek; eta 50 euro, igerilekua-pista 10 aldiz erabiltzeko bonuak. Abonuak uztailaren 28ra arte eskuratu ahalko dira udal-kiroldegian. Era berean, arreta eskainiko da bi telefono-zenbaki hauetan: 944 540 159 eta 946 567 323. Beste aldetik, Derioko Udalak gogora ekarri du mantentze-lanen ondorioz abuztuan udal-kiroldegia itxita egongo dela.