2026ko partaidetzazko aurrekontuei hasiera eman diete Derion

Aikor aldizkaria 2025ko eka. 9a, 14:51

Derioko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesu berri bat jarri du abian, “bizilagunen lankidetzari eta inplikazioari esker udalerria eraldatzen jarraitzeko helburuarekin. Egutegiak azken edizioetako egiturari eusten dio, bozketa-aldiko bi asteak errespetatuz, inor ez dadin bere iritzia emateko gogoz geratu eta prozesuak ahalik eta parte-hartze handiena izan dezan”, azaldu dute prentsa-ohar baten bidez.

Udalak gaurtik, ekainak 9, hilaren 27ra arte jasoko ditu derioztarrek 2026eko udal kontuetan sartu nahi dituzten proposamenak. Udal-gobernuak 120.000 euro gorde ditu berriro, herritarrek udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko planteatzen dituzten premiei erantzun eta horiek gauzatzeko. ““Derio herri hurbilago, inklusiboago eta parte-hartzaileago bat izatearen alde lan egiten jarraitzen dugu, non herritarren proposamenak aldaketaren eragileetako bat baitira. Azken urteetan, gure auzokideen inplikazioari esker, hainbat ekimen bihurtu dira errealitate. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet derioztar guztiei parte hartzeko erakutsi duten konpromisoagatik, izan ere, elkarrekin egiten ari garen herria benetako beharrei erantzuten dien herria da. Horrek pozez betetzen gaitu, eta inplikazio eta lankidetza kolektiborako kultura hori sustatzen jarraitzeko uste sendoa indartzen du” adierazi du Esther Apraiz alkateak.

Derion erroldatutako 7 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du prozesuan. Aurreko urteetan bezala, prozesuak hainbat fase izango ditu. Lehenengoa, ekainaren 9tik 27ra bitartean gauzatuko da eta herritarren proposamenen bilketa izango da. Proposamen horiek aurrez aurre entregatu ahal izango dira Gertuan Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo Kultur Birikan, horretarako eskuragarri dauden inprimakiak erabiliz. Gainera, online ere parte hartu ahal izango da, parte hartzeko inprimakia udalaren webgunean betez, www.derio.eus, edo inprimaki hori deskargatuz eta helbide elektroniko honetara bidaliz: partaidetza@derio.eus. Bigarren fasean, ekainaren 28tik irailaren 5era bitartean, teknikoki aztertuko da proposamenen bideragarritasuna, eta kontuan hartuko da alde batetik udalerrian hobekuntzak ekarriko dituzten, herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eta udal zerbitzuak hobetu ditzaketen proposamen garrantzitsuak eta interes orokorrekoak diren; eta bestetik, udalaren edozein jarduera-eremutako ideiak eta proiektuak diren, eta bideragarriak eta jasangarriak diren.

Irailaren 12an, bideragarriak diren proiektuen zerrenda argitaratuko da udaleko iragarki-oholean eta www.derio.eus webgunean. Irailaren 16tik 30era bitartean, azterketa-prozesuaren ondoren bideragarriak izan diren proiektuak edo proposamenak bozkatu ahal izango dira. Bozketa inkesta bidez egingo da udal-webgunean. Gainera, parte hartu nahi duten baina beharrezko ezagutza edo baliabiderik ez duten pertsonentzat, beren parte-hartzea errazteko, udalak haien esku jarriko ditu Gertuan Herritarrentzako Arreta Bulegoko eta Kultur Birikako langileak. Urriaren 15an argitaratuko dira bozketaren emaitzak, bai udalaren webgunean, bai udaleko iragarki-oholean. “Udalak herritarrak animatu nahi ditu parte-hartze handia egon dadin, guztion udal-aurrekontuak lortzeko”.

Ohitura osasungarriak sustatzea

2024ko eta 2025eko aurrekontu parte-hartzaileetan hautatutako proiektuak errealitate bihurtzen ari dira. Kantxa estalien alboko itxiera izan zen 2024ko proposamen irabazlea, eta udala ekimen hori aurrera eramateko lanean ari da, frontoiaren ondoan dauden kirol-espazioen erabilgarritasuna eta erosotasuna hobetzeko helburuarekin. Eta aire zabalean kirola egiteko baliabideen hobekuntza izan zen proposamenik bozkatuena 2025eko prozesuan” adierazi dute prentsa-oharrean. “Horrela, kanpoko kirol-instalazioak hobetzen ari dira, hala nola, kiroldegiaren atzealdean dagoen kalistenia eremua handitzea eta Ganben jarduera horretarako gune berri bat altxatzea. Ekimen bakoitzerako 120.000 euro inguru bideratu dira, partaidetza-aurrekontuetarako udal-kontuetan esleitutako partida. Bi kasuetan argi geratu da herritarren helburua ohitura osasungarriak sustatzea eta espazio irekiak lehenestea dela”.