Egitasmoa hauen barruan dago: “Derio Ciclable 2023+” udal-estrategia, 2023-2027 Legegintzaldiko Plana eta “Derio 2030” estrategia, Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat egiten duena. Udalak 1.070.000 euro ipiniko ditu egitasmoa egiteko: 194.100 euro Europako Batasunak finantzatuko ditu, eta gainerakoa, Derioko Udalak.
Herriko Plazan lanean dabiltza ekialdeko alboa eta tren geltokirako sarbidea egokitzeko, eta bidegorri berria handik abiatuko da. “Eredu intermodala ardatz hartuta, eremu hau espazio modernoagoa eta irisgarriagoa bilakatuko da. 629.200 euroko inbertsioa duela, esku-hartze honi esker umeentzako jolasgunea berrituko da, adinekoentzako ariketa-gune bat ipiniko da, eta irisgarritasuna, argiztapena eta landarediaren integrazioa hobetuko dira inguruan”.
Esther Apraiz Derioko alkateak egitasmoaren balio estrategikoa azpimarratu du: "Bidegorri berri honekin, mugikortasun iraunkorrago baterantz pauso sendoak egiteaz gain, intermodalitatea sustatzen dugu, bizikleta-sarea Euskotreneko geltokiarekin eta BiziPark-arekin zuzenean lotzen dugulako. Gure bizilagunek bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea erraztu nahi dugu, ondo konektatutako azpiegitura seguru eta erosoekin. Derio irisgarriago eta osasuntsuago baten alde lanean jarraitzen dugu, herritar guztien bizi-kalitatea hobetuz ".
Derioko bidegorri berria askoz handiagoa den egitasmo baten parte da, zeina eskualdeko bizikleta-sarea hobetzeko eta handitzeko plan barruan baitago eta GR280 eta Flyscharen ibilbidearekin lotzen baita. Ekimenari lotuta, jarduketak egingo dira Bakion, Gorlizen, Sopelan eta Derion, bideak berreskuratu eta egokitzeko eta, horrela, herrien eta baliabide turistiko nagusien arteko lotura errazteko.