Muniain, CD Derioko entrenatzaile berria

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 1a, 12:24

a: CD Derio

Athleticeko jokalari ohia futbolari gisa aritu da 20 urtez eta erabaki honekin amaiera ematen dio bere ibilbideari Almagroko San Lorenzo taldean, Argentinan.

Iker Muniain (32 urte) izango da CD Derioko entrenatzaile berria datorren denboraldian, futbol taldeak sare sozialetan jakinarazi duenez. Athleticeko jokalari ohia 20 urtez egon da zelaian, eta orain, lehenengoz, talde bat zuzenduko du. Horrela, Almagroko San Lorenzo taldean 2024ko irailean hasitako bidea amaitu du.
CD Deriok X-an (lehen Twitter) argitaratutako bideo batean Munianek adierazi du erabakia orain dela asko hartuta zeukala: “CD Derio aukeratu dut, azken urteotan lan ona egiten dabiltzalako, eta egia esan, oso pozik nago buruan ditudan ideiak garatzeko eta nire talde propioa osatzeko aukera izateagatik”.
Eskarmentu handiko jokalaria da Muniain eta bere ezagutza Hirugarren RFEFeko taldearekin partekatzeko hautua egin du. Argi dauka zer motatako taldea osatu nahi duen: “Ausarta, anbizio handikoa eta energiaz beteta irudikatzen dut, partidaz partida eta entrenamenduz entrenamendu hobetzeko ametsa izango duena. Nire ibilbidean hainbat entrenatzaile ezagutu ditut, eta bakoitzak zerbait berri irakatsi dit. Orain da nire momentua daukadan ideia jokalariei helarazteko, gauzak ondo irten dakizkigun”.